1936an eraildako baten hezurdura atera dute Lizarrustin

Guaixe 2018ko ira. 3a, 10:29

Baliteke Olaberriako 17 urte gazte baten hezurdura izatea. Familia, etxarriarrak, udaleko eta gobernu ordezkariak izan ziren lurretik ateratzearen lekuko. Une hunkigarriak bizi izan zituzten.

Aranzadi zientzia elkarteko kideek, Paco Etxeberria antropologo eta forentsea buru zutela, gizonezko baten hezurdura atera zuten atzo goizean. Lizarrustin izan zen, Quifosa inguruan. Aranzadikoak lanean hasi eta lehenik bi Oviedo fusilen 3 bala-kaskilloak opatu zituzten. Errematatzeko erabili zuten beste bala baten kaskilloa ere agertu zen. Ondoren, hezurdura. Koilara bat ere agertu zen.

DNA  probak egin eta egiaztatu faltan, lur azpitik ateratakoa baliteke Marcelo Lasa Ceberio Olaberriako 17 urteko gaztearen hezurdura izatea. Abertzalea zen eta 1936ko agorrilaren 25ean erail zuten. Basoan egon denez hezurdura oso hondatua dago, hanketako hezurrak kontserbatu dira batez ere. DNA laginak atera eta Nafarroako Gobernuaren bankuan gordeko dira, beharrezko identifikazioak egiteko.

Hezurdura opatzeko Francisco Lakuntza Larraza etxarriarraren lekukotasuna ezinbestekoa izan da. 1936an Lizarrustin bizi zen eta 6 urte zituela gorpua arrastaka nola zeramaten ikusi zuen. Antza, aitarekin eta osabarekin arrantzan zegoela, tiro hotsak entzun eta kaxko batera igo eta handik bi gizonezkok beste bat hilda zutela ikusi zuen. Aldegiteko eta ez begiratzeko esan omen zioten. Pago baten erreferentzia eman zuen eta handik ez oso urrun agertu zen hezurdura. Beraren zehaztasunak eta familiak eta Aranzadi elkarteak jasotako datuak oinarri hartuta, heriotzaren leku zehatza aurkitu ahal izan da.
 
Esandakoak
Eneka Maiz Ulaiar alkateak familiakoei “izandako inplikazioagatik eta kemenagatik” eskerrak eman zizkien, haiek izan baitira indusketa sustatu dutenak. Aranzadi elkarteko kideei esker ona azaldu zien, “egindako lan profesionalagatik”. Maizek Nafarroako Gobernuarendako ere esker oneko hitzak izan zituen, exhumazio hau bere gain hartu zuelako. Etxarri Aranazko alkateak gaineratu zuen, herriko Sufrimenduaren Mapan beste urrats bat eman zela gorpuzkiaren aurkikuntzarekin. “Etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko, beharrezkoa da iraganeko korapiloak askatzea, eta memoria eta erreparazioa bermatzea” gaineratu zuen.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria Ana Ollo eta Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko burua Lizarrustin izan ziren. Ollok herritarren lekukotzen garrantzia azpimarratu zuen. Aldi berean, gogorarazi zuten larunbatekoa Nafarroako Gobernuaren lurpetik ateratzeko programaren barruan kokatzen dela, “memoria eta giza eskubideen politika publikoen lehentasunezko konpromisoetako bat da”. Aranzadi zientzia elkartearekin duen hitzarmenaren fruituak ere nabarmendu zituzten: 75 gorpuzki berreskuratu eta 21 pertsona identifikatu dira eta familiari bueltatu zaizkie erreparazio erakunde-ekitaldietan. Identifikazio gehiago egiteko desagertuen senideek euren DNA laginak uztearen garrantzia azpimarratu zuten.

Argazkiak: Manu Gomez eta Etxarri Aranazko Udala.