Goizeder Beltza Euskal Herriko III. Mailako finalera

Guaixe 2018ko ira. 3a, 14:12

Gorritin jokatutako kanporaketan hirugarrena sailkatu zen aizkolari etxarriarra

Abuztuaren 26an Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatu zen Gorritin. 13 aizkolari lehiatu ziren, Goizeder Beltza etxarriarra tartean. Lau kanaerdiko erdibitu behar zituzten. Hodei Ezpeleta izan zen azkarrena (9:06), Jokin Alkizaleterekin (9:15) eta Goizeder Beltzarekin (9:46) lehia estua izan eta gero. Eneko Saralegi (10:00), Jon Rodriguez (10:28), David Naredo (10:50), Jon Telletxea (11:02), Aitor Urtega (11:12), Juan Rodriguez (12:07), Luis Polanco (12:07), Daniel Lopez (13:20), Esteban Muñiz (15:58) eta Done Intxausti (18:55) sailkatu ziren atzetik.

Lehendabiziko hirurek, Hodei Ezpeletak, Jokin Alkizaletek eta Goizeder Beltzak, lortu zuten oraindik zehaztu gabe dagoen egun eta tokian jokatuko den final handia jokatzeko txartela. Lehenengo kanporaketan sailkatutako Julen Larrea, Jesus Etxeberria eta Ioritz Gisasolarekin batera ariko dira finalean.