"Euskaltegiak, euskara ikasteak, hitz egiteko lotsa kendu digu"

Erkuden Ruiz Barroso 2018ko ira. 14a, 08:39

Eva Maria Palazuelos, Reme Ulaiar, Asun Erdozia eta Ariane Paniagua euskara ikasleak dira. Idoia Artieda da euskara-ikasle talde honen irakaslea

Euskara "ongi" ikasi nahi zuten, hitz egiteari lotsa kendu nahi zioten ere. Hortaz, euskaltegian izena eman zuten. Euskara ikasten ongi pasatzen dutela aitortu dute.

1. Zergatik euskara ikasi?

Reme. Etxarrikoa naiz. Euskara gutxi eta gaizki dakit. Batua ez dut ezagutzen eta aditzak eta hitzak hobeto ikasi nahi nituen. Etxarriko euskara eta pixka bat euskara batua jende guztia eta telebista ulertzeko eta irakurtzeko.

Eva Maria. Euskara zerbait gurea da. Nire etxean dena euskaraz egiten zen, baina aita erdalduna zen eta gaztelania euskararen gainean jarri zen. Nire ama bezala euskara jakingo banau, ez nintzen hemen egongo.

Ariane. Etxarrin bizi naiz eta nire haurrekin hitz egiteko ikasi nahi dut. Batuan gutxi gorabehera moldatzen naiz. Eta euskalkia polita da eta horregatik ikasi nahi dut ere.

Asun. Etxarrikoa naiz, aita etxarrikoa da, baina ama bizkaitarra. Hemengo euskara zakarra zela eta ez zela, azkenean ez etxarrikoa ezta bizkaitarra ere. Seme-alabak ikastolara joaten ziren eta haiekin euskaraz hitz egiten nuenean esaten zidaten oso gaizki egiten nuela. Nik ikasi nahi dut euskara ongi eta garbi erabiltzen.

2. Euskara batua eta etxarrikoa ikasten duzue. Zenbat daramazue?
Idoia. Talde berezia da hau, bai, bietan aritzen gara.

A. Zazpi urte.

EM. Hiru urte hemen. Gazte nintzela hasi nintzen. Baina taldeak hasten ziren eta gero uzten zuten. Altsasun ere egon nintzen ni.

Asun. Ni ere duela urte bi hasi nintzen.

R. Urte bat daramat.

3. Nolakoak dira klaseak?
A. Denetarik egiten dugu. Gauza dibertigarriak daude, baita ikasteko gauza serioak ere. Edozein klasetan bezala. Gramatika ere egiten dugu. Baina umorearekin, beti umorearekin. Beti positibo.

EM. Niretako oso onak dira. Eta gogoekin joaten gara. Oso gustura egoten gara.

R. Beti prest joaten gara. Eta gure irakaslea oso ona da.

4. Irakasleak, beraz, laguntzen du?
Bai.

EM. Eskerrak daukagula Idoia. Eta dauka pazientzia asko gurekin.

Asun. Deitzen diogu gure sorgina.

5. Zer mailatan zaudete? Azterketa ofizialetara aurkeztu zarete?

A. Gutxi gorabehera denak dakigu hitz egiten. Hori da gure helburua.

Idoia. B1 altu batean daude.

EM. Probetara ez. Ez dut nire burua ikusten.

6. Aurten ere izena emango duzue, ez?
Bai.

EM. Nahi dugu ikastea. Nik beti esaten dut, kanpotik etortzen direnek ikasten badute, nola ez dugu guk jakingo?

7. Zer espero zenuten hasi zinetenean?
EM. Euskara ikastea. Ondo egon, denbora ona pasatu eta ikasi. Nik ulertzen dut eta txikitatik aditu dut, baina ongi ikasi nahi dut. Jende majarekin egotea ere.

A. Euskaraz espresioak eta emozioak transmititzea espero dut nik. Hori nahi dut.

Asun. Hitz egitea argi eta garbi; ez urduri jarri eta azkenean gaztelaniara pasa.

R. Hitz egitea trabarik gabe, gaztelaniara ez pasatzeko.

8. Klaseetatik kanpo euskaraz hitz egiten duzue ere?

R. Haurrekin bai.

EM. Haurrekin hitz egiteko ohitura dut. Baina klaseak hasi nituenik askoz gehiago animatzen naiz.

A. Haurrekin, gehien bat.


9. Euskara praktikatzeko gelditzen zarete?
EM. Bueno, saiatzen gara. Idoia aurrean baldin badago gehiago saiatzen gara.

Idoia. Ikasturtea amaituta astero gelditzen gara kafetxo bat hartzeko ekainean eta uztailean. Harreman horrek segitzen du. Lagun talde bat ere bihurtu da talde hau.

10. Zer eman dizue euskaltegiak?
EM. Seguritatea eta lotsa kentzea. Umeekin euskaraz egiten dut, baina beti dago zerbait ez dakidana eta gaztelaniara pasatzen naiz. Baina orain, adibidez, dendan sartzen naiz eta dena euskaraz egiten dut. Ez badakit nola esaten den zerbait galdetzen dut. Lotsarekin ez da ezer ikasten.

R. Niretako oso inportantea da lehen farra egiten zutela eta gaizki egiten nuela esaten zidatela eta orain denek oso ongi ari naizela esaten dutela. Orain ez dut lotsarik.

Asun. Lotsa kentzen da.

11. Zer aholku ematen diezue euskara ikasten hasten direnei?
EM. Barnetik atera behar zaizun zerbait da. Benetan nahi duzulako ikasi. Obligazio bezala hartzen baduzu, gaizki. Ni joaten naiz ikasi nahi dudalako. Hainbeste urtetan talde askotan egon naiz, eta ikusi dut jendea hasi eta hurrengo urtean ez zela etortzen. Konstante izan behar zara. Inposizio bezala hartzen bada, gaizki. Gogoa jarri behar diozu ere. Niretako, esaterako, zailena aditzak dira eta asko saiatzen naiz.

A. Edozein hizkuntza ikastea bezala, zaila da. Baina umeak bezala pixkanaka-pixkanaka hasten bazara, hasieran hitzak ikasiz eta horrela pixkanaka ikasiz, gustatzen zaizu.

R. Zaila baino, dena da desberdina. Beste hizkuntzekin alderatuz desberdina da. Gure edadean gauzak gogoekin egiten ditugu, ez obligazioarekin.