Hodei Ijurko Iroz aske dago

Guaixe 2018ko ira. 20a, 09:34
Hodei Ijurko Iroz senidez inguratuta aske gelditu berritan. Argazkia: www.ahotsa.info

10 urte eta erdi preso egin ondoren A Lamako (Pontevedra) espetxea gaur goizean utzi du Hodei Ijurko Irozek. Gaua bidaian egin duten senideen eta lagunen aurreneko harrera izan du goizaldean. Eguna argitu gabe zegoela etxajuak lehertu dira Etxarri Aranatzen, preso bat gutxiago dagoela iragartzeko. Handik bueltako 730 km-ak egin eta Itzaletik argira, Hodei etxien! lelopean egitaraua prestatu dute gaurko: 19:00etan musika eta auzatea izanen dira plazan, 20:00etan ongi etorri ekitaldia iragarri dute eta 20:30ean herri-poteoa izanen da.

Foruzaingoaren furgoneta bati bi koktel molotov botatzeagatik eta bi agente zauritzea leporatuta 16 urteko espetxe zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009an. Etxarri Aranazko Udalak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) orduan salatu zutenez, “zigorra neurrigabea” zen. Zigorra salatzeko manifestazioa egin zen Etxarri Aranatzen. AAMk orduan azaldu zuenez, “argi dago Ijurkori zigor eredugarri bat jarri nahi izan zaiola hasieratik, eta orain zigorra jaitsi dioten arren, izugarria izaten jarraitzen du". Zigorraren oinarrian "arrazoi politikoak" daudela nabarmendu zuen AAMk.

Ijurkok zigorraren zatirik handiena isolamendu moduluetan eman du. Hau da, 21 ordu ziegan eta patiora ateratzen zenean gehienez beste preso batekin egon da. Ziegan arropa eta bestelako gauzak izateko murrizketak izan ditu, gainera. Bestalde, Ijurko bisitatu ondoren Galiziatik etxera bueltan zetozen hiru pertsonek auto istripua izan zuten 2010ean.

PPk Etxarri Aranatzen duen zinegotziak, Juan Antonio Extremerak “omenaldiaren” kontra egin du eta terrorismoaren biktimei babesa azaldu die. UPNk, berriz, Nafarroako Gobernuaren kontra jo du “omenaldia saihesteko ezer ez egiteagatik. Hori da Barkosek ordaintzen duen bidesaria terroristak babestu eta ETAren terrorismoa kondenatu ez dutenekin gobernatzeagatik”.

Etxarriar presoak
Unai Parot Navarro, Puerto de Santa Maria, Huelvako Puerto III espetxean dago, 1.050 km-ra. 1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten. 28 urte eta 5 hilabete darama espetxean preso.

Asier Carrera Arenzana, Dueñasko espetxean dago, Palentzian, 300 km-ra. 2000ko azaroaren 9an atxilotu zuten, beraz, 17 urte eta 10 hilabete darama preso.

Luis Mariñelarena Garziandia, Curtisen, A Coruñako Teixeiron dago, 650 km-ra.
2001eko lastailaren 17an atxilotu zuten. 16 urte eta 11 hilabete preso darama.

Juan Ramon Karasatorre Aldaz, Castellongo Albocasserko Castello II kartzelan dago, 590 km-ra. 2001eko abenduaren 12an atxilotua, 16 urte eta 9 hilabete darama preso.

Juan Kruz Maiza Artola, Lannemezango espetxean dago, 330 km-ra. 2007ko garilaren 26an atxilotu zuten. 11 urte eta 2 hilabete darama preso.

Oihan Barandalla Goñi, Lannemezanen dute, 330 km-ra. 2007ko irailaren 1ean atxilotu zuten, 11 urte darama preso.