Ahotsak eta dantzak bat eginik

Guaixe 2018ko ira. 21a, 09:06

Etorkizuna dantza eskolak eta Etxarri Aranazko Abesbatzak emanaldia eskainiko du bihar, irailaren 22an, 19:00etan Etxarri Aranazko plazan. Txistularien laguntza izanen dute ere

Dantza eskolak eta Etxarri Aranazko abesbatzak esperientzia dute elkarrekin aritzen. Kantua eta dantza uztartzen du emanaldiak; hortaz, dantzariek abesbatzaren ahotsekin dantzatzen dute. Etxarri Aranazko Kultur zerbitzuak antolatutako emanaldia da. Udari eta plazako emanaldien sasoiari amaiera emateko ikuskizuna da.

Errepertorio anitza eta osatua eskainiko dute bi taldeek. Emanaldia Agurrarekin hasiko dute, ondoren Hau da eguna, Kitolis arin-arina, Aunitz urtez, Errotazaia, Ama begira zazu eta Hiru xito abestiak eginen dituzte, besteak beste. Hainbat abesti Ashera, Kaxarranka, Baskonia suite eta Aske maite grabatutako audioaren gainean dantzatuko dute. Emanaldia Bukaerako agurrarekin amaitu dute denak batera.

Garagarrilean Etorkizuna dantza eskolaren 25. urteurrena ospatzeko Iortia kultur gunean elkarrekin aritu ziren bi taldeak.