Utzubar, atzera ere, abereendako bazkalekua da

Guaixe 2018ko urr. 9a, 10:48

Utzubarren jarritako aska berria. Argazkiak: Etxarri Aranazko Udala.

Itxiturak konpondu eta berriak jarri eta aska jarrita, udazkenean 30 abere sartuko dira bazkalekura.

Zena izatera bueltatu da. Utzubarko basoa, hariztia, abereendako bazkaleku bihurtu du Etxarri Aranazko Udalak egindako inbertsioak. Sasiak janda, txarrantxa itxiturak egoera txarrean… "orain arte ezinezkoa zen abereak han sartzea, baldintzarik betetzen ez zuelako", azaldu digu Eneka Maiz Ulaiarrek.

Alkateak egindako lanak zein diren argitu digu. Alde batetik, "abereek kalitatezko ura eduki dezaten aska berri bat jarri da". Lehen zegoen ur saretik 281 metroko ur ekarrera egin dute horretarako. Lan horiek egiteko 7.681,06 euro (BEZ barne) behar izan dituzte. Aurrekontu horren erdia Landa Garapenerako Departamentuak ordaindu du. Bestetik, abereak Utzubarko bazkalekutik ihes ez egiteko itxitura 780 metrotan konpondu dute eta beste 1.690 metrotan berria jarri dute. Hala, hariztiaren perimetro osoa itxita gelditu da. 20.293,91 euro (BEZ barne) behar izan dira inbertsio hori pagatzeko. Inbertsioaren erdia Nafarroako Gobernuko mendi sailak pagatu du.

Alkateak argitu digunez, "Utzubarko hariztian egindako inbertsioak Larre Plan berriaren barruan sartzen dira". Maizek jakinarazi duenez, " 63 hektarea dauzkan baso eremu horretan asmoa da hogeita hamarren bat abere sartzea udazkenetik udaberriraino, bazkaleku bezala erabiliz". Utzubarko hariztiari emandako abeltzaintza erabilera hori udalarendako diru-sarrera berria dela ere nabarmendu du alkateak.



Egitasmoa
Maizek gogoratu digunez, "udalaren asmoa da, batetik, lehen sektorea eta bertako ekoizpena indartzea eta, bestetik, mendi abeltzaintza suspertzea eta paisaia eta bioaniztasuna hobetzea, harizti irekiak oso onuragarriak baitira horretarako".



Etxarri Aranazko Udalak legegintzaldi honetan egokitzen den bigarren baso-bazkalekua da Utzubarkoa. Basopokalen abereendako beste bazkaleku bat egokitu zen, Ganasa enpresa publikoaren eskutik esperientzia pilotua egiteko. 30 hektareako eremua hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia da aztertzea abereek basoari kalte edo mesede egiten dioten. Horretarako, neurketa jakin batzuk egiten ari dira. Abeltzain etxarriarrak teknikarien esanetara daude. 2015eko azken bi hilabeteetan abere karga gutxirekin sartu ziren eta teknikariak emaitzekin "pozik" gelditu ziren. Ordutik hainbat alditan sartu dute ganaduzaleek abereak bazkalekuan. Beti ere, teknikariek esandako kopurua betez eta sarrera-irteerak datak errespetatuz. Alkatearen esanetan, "bi egitasmo horiekin Etxarriko Udala aitzindaria izaten ari da, mendi abeltzaintza suspertzen eta gure basoko bioaniztasuna indartzen".