Pilotari etxarriarren erakustaldia

Guaixe 2018ko urr. 5a, 10:48
Joanes Bakaikoak promesetako lau t'erdiko partida jokatuko du jaioterrian.

Igandean, 17:30ean, Ferietan antolatu den jaialdian emakumezkoetan Irati Igoa eta Yanira Aristorena ariko dira eta gizonezkoetan Joanes Bakaikoa (Promesen Lau t’erdia) eta Adur Lasa lehiatuko dira

Etxarri Aranatz pilotarien herria da. Egun bi dira profesionalak, Joanes Bakaikoa (Asegarce) eta Adur Lasa (Aspe). Nahiz eta enpresa ezberdinetan jokatu, herriko ferietan herriko pilotariak jaialdi berean lanean ikustea zen Etxarri Aranazko Udalaren desioa eta helburua lortu da. Horrela, Aspek eta Asegarcek jaialdi polita antolatu dute elkarlanean iganderako Euskalerriari pilotalekuan, 17:30etik aurrera, Etxarriko Udalaren laguntzarekin.

Lehenik eta behin, emakumezkoen esku pilota partidaz gozatzeko aukera izango da. Bi pilotari etxarriar elkarren kontra ariko dira. Irati Igoa etxarriarrak Olatz Ruiz de Larramendirekin osatuko du bikoa, Yanira Aristorena etxarriarraren eta Olatzen izeba Maite Ruiz de Larramendiren kontra aritzeko. Gazteen eta helduagoen arteko lehia izango da, ikusmin handia sortu duena.

Bakaikoaren Lau t’erdiko partida
Ondoren, Lau t’ erdiko Promozio Txapelketako final laurdeneko partida jokatuko du Joanes Bakaikoak. Aranguren izango du aurkari aurrelari etxarriarrak. Ea herritarren babesarekin txapelketan aurrera egiten duen gureak.

Binakako partidarekin despedituko da arratsalde pilotazalea. Adur Lasak Arretxe II.arekin osatuko du bikoa, Ugalderen eta Erostarberen kontra aritzeko.

Sarrerak partida egunean salduko dira txartel-lehiatilan (10 euro).

Etxarri Aranazko pilota jaialdia
Igandean, 17:30ean, Euskalerriari pilotalekuan
Emakumeak: Olatz R. de Larramendi-Irati Igoa / Yanira Aristorena-Maite R. de Larramendi
Lau t’erdiko Promozioa: Bakaikoa-Aranguren / Arretxe II.a-Lasa IV.a / Ugalde-Erostarbe