Kioskoari agur esan zaio ferietan

Guaixe 2018ko urr. 8a, 12:19

Plazan estalpea egiteko lanak aurki hasiko dira eta egun ezagutzen dugun kioskoa despeditzeko azken ospakizunak izan ziren asteburukoak: azken dantzaldia, azken gazta txapelketa eta mendi-lasterketako sari banaketa. Horiek izan ziren kioskoak hartu zituen azken ekitaldiak. Haren inguruan, hala ere, asteburuan zehar makina bat ekitaldi egin ziren: munduko arrozak, talo tailerra, auzateak, zezensuzkoa, artisau azoka, Euskal Herria kantuz…

Larunbatetik animazioa izan zen herrian. Igandean eguraldiak okerrera egin bazuen ere, nahiko eutsi zion eta jendea kalera atera zen, artisau eta ekoizle azokan ttutukatu eta erosteko edota Etxarri Aranatzen dagoen azienda ikusteko. 15. Sakanako gazta txapelketan sei gaztandegik parte hartu zuten. Haiek dastatu eta puntuak emateaz Juana Jaka, Juantxo Saez, Valen Ormazabal eta Javi Beraza arduratu ziren. Langintza horretan gidari Idiazabal jatorri izendapeneko dastatze batzordeko Jose Ramon Agirian izan zen. Lehen sariak Arruazuko Albirendako izan zen. Podiuma Unanuko Balda-Artolak eta Arbizuko Araña-Etaiok osatu zuten.

Bi auzate izan ziren. Mendi lasterketa bitartean Larrañeta elkarteak tripekiyek eskaini zituen. Bigarren auzatea gazta txapelketa despeditu eta gero izan zen. Lehiaketara aurkeztutako sei gaztak zatitu eta jendeak probatzeko aukera izan zuen. Despeditzeko pilota partida jaialdia, dantzaldia eta zezensuzkoa izan ziren.