Iragarri bezala, feriak despeditu ondoren hasi dira plazan estalopea jartzeko lanak. Jamsar enpresaren aurreneko egitekoa, ikusgarriena eta herritarrak gehien ukitu dituena, plazako 10 zuhaitz moztea izan zen. Asteartean egin zuten lan hori. Ondoren etorriko dira 350 metro karratu izanen dituen estalpea egiteko lanak. Metalezko 16 zutabeen gainean egurrezko egitura duen teilatua jarriko da. Egiturak, gutxi gorabehera, zuhaitzen altuera izanen du. Estalope berriak led argiztapena izanen du eta zurezko egiturak akustika hobetzen lagunduko du.
Estalope berriak kioskoa ere integratuko du. Kioskoaren gaur egungo teilatua kendu eginen da, 50 bat cm jaitsi eta estalpearenarekin dena bat bihurtuko da. Egungo sei zutabeak teilatu berriari eutsiko diote. Gainera, diametroan 30 cm irabaziko ditu, guztira 50 metro karratuko azalera izanik. Kioskoaren perimetro guztia zurezko listoiekin forratuta egonen da. Listoi horietako batzuk luzeagoak izanen dira eta goiko hesia bilakatuko dira. Musika-tresnak eta gailuak jartzeko eta zintzilikatzeko aurreikusi da. Azkenik, eskailera alde batean izanen da.
Lanak despeditu ondoren kioskoa iparraldera edo hegoaldera, bi norabideetan erabiltzeko aukera izanen da. Normalean ekitaldiak udaletxera begira, hegoalderantz, eginen dira. Baina euria egiterakoan iparralderantz begira eginen dira ekitaldiak, jendea estalopean dela. Ekitaldiak bi noranzkoetan eginen direnez, kioskoaren iparreko eta hegoko hesia jarri eta kentzekoa izanen da, zama-lanak egiteko erraztasunak emateko.
Eguberrietako ekitaldietarako estalopea prest egonen dela jakinarazi digu Eneka Maiz Ulaiar alkateak. “Negu gorria dela kontuan izanik, mesede eginen du”.