Etxarri: preferente mailari eustea, ahal bada lasaitasunez

Guaixe 2018ko urr. 11a, 16:15

Preferente mailan geratzen den talde sakandar bakarra da Etxarri Aranatz. Helburua mailari eustea da, aurreko denboraldiko estutasunik pasa gabe

Etxarri Aranatz da Nafarroako Futbol Federazioko preferente mailako talde sakandar bakarra, aurreko denboraldian Lakuntzako Lagun Arteak maila galdu eta erregional mailara jaitsi eta gero. Etxarri Aranatzek gutxigatik heldu zion preferente mailari. “Preferentea da gure maila, izatez. Aurreko urtean dena aldrebes atera zitzaigun, zorterik gabe ibili ginen eta justu justu lortu genuen kategorian geratzea. Aurten preferente mailari eustea da gure helburua, baina aurreko urteko estutasunak pasa gabe. Mailan mantentzea, baina ahal bada lasaiago” adierazi digu Etxarriko preferente mailako entrenatzaile Iosu Murgiondo Mundiñanok.

Eta ondo hasi dituzte gauzak. 4 jardunaldi jokatu dituzte eta horietatik bi partida irabazi eta beste bi berdindu dituzte. Arrotxapea da liderra (10 puntu) eta Etxarri Aranatz laugarrena da (8 puntu). “Bi zelai garrantzitsuetan puntuatu dugu eta ongi hasi gara. Aurreko urtean, aldiz, ia ez zen ezer sartzen eta aurten bai. Talde polita dugu, eta nabaritzen da jende gazte askok mailan urte bat baino gehiago duela, esperientzia hartzen ari dela” dio entrenatzaileak.

Talde batua, giro onekoa
Aurreko urtetik bost baja izan ditu taldeak. Xabi Bakaikoa Lagun Arteara joan da, Mikel Martiarena Aralar Mendi areto futbol taldera eta Iñaki Gonzalok, Iñaki Razkinek eta Garat Floresek futbola utzi dute. Haien hutsunea betetzeko 6 jokalari berri ditu aurten Etxarri Aranatzek. Batetik, Aimar Ijurra, Mikel Agirre eta Jon Fran Huizi Etxarriko jubenilen taldetik igo dira; bestetik, Alain Alberdi oraindik jubenil mailako taldekoa da, baina preferente mailan ariko da ere, beharren arabera; eta Eneko Larraza eta Ibai Senar bakaikuarrak, hainbat urte futbola utzita egon eta gero, berriz ere taldera itzuli dira. Gainontzekoak aurreko urtekoak dira.

“Gehienak hemengo jokalariak dira, etxarriarrak eta gertuko herrietakoak. Eskaini izan dizkigute Iruñeko jokalariak, baina hori ez da gure helburua, guk bertako jendeak jokatu dezan nahi dugu. Harrobia badugu, baina talde txikiak gara eta urte batzuetan atzetik jokalari dexente datoz eta beste batzuetan ez horrenbeste. Sekulako giro ona dago taldean, aurreko denboraldian bezala. Iaz ez zitzaizkigun gauzak oso ongi joan, baina ez zen talde barruko giro faltagatik, inolaz ere. Abenduan dagoeneko gaizki geunden, salbaziotik 7 puntura eta 18-19 mutiko etortzen ziren entrenatzera arezko zelaira, kexarik gabe, denak txintxo-txintxo, eta partida ondoren merendatzera gindoazen, partida ondoren buelta ematera… giro bikaina zegoen, aurten bezala. Talde batua da gurea eta hori aberastasun handia da, hori da gure indargunea” nabarmendu du Murgiondok.

Kadeteen talderik gabe
Preferente taldeaz gain, aurten jubenilen, infantilen, kimuen 2 talde eta benjaminen 2 talde izango ditu Etxarrik. Pena handiz, ez da kadeteen mailako talderik sortu. “Horrek ematen dit pena handiena, kadete mailako 8-9 haur jokatu gabe geratzea jende gehiagorik ez dagoelako. Betiko arazoa da hori, talde txikietan gertatzen zaiguna: tarteka talderik ez sortzea. Boladaka doa hau, denboraldi batean ez duzu kadete edo infantilen mailako talderik eta hurrengoan bai. 20.000 biztanleko bailaran hiru futbol talde egonda tarteka gauza hauek gertatzea normala da. Altsasuk ez du arazo hau, baina klub txikiagoek, Etxarrik eta Lagun Arteak, tarteka jendez justu ibiltzea, bai. Kirol eskaintza geroz eta handiagoa da eta ez dago jenderik denetarako” dio entrenatzaileak.

Benjaminetatik jubenil mailaraino, jokalari guztiek joka dezatela, hori bulkatzen dute. “Irabazten badute ongi eta galtzen badute ere bai. Parte har dezatela, jolas dezatela, futbolarekin ongi pasa dezatela”.

Etxarri Futbol Taldeko juntan ez da aparteko aldaketarik. Eduardo Elsok jarraitzen du lehendakaritzan, Iñaki Elvira da lehendakariordea eta diruzaina, Iña Arratibel idazkaria eta Jose Javier Urkia, Jose Guillorme, Fran Gomez, Xabier Errazkin eta Koldo Murgiondo bokalak.

Etxarri Aranatz. Preferente taldea 2018/2019
Atezaina: Ivan Gorriz.
Defentsak: Luis Goñi, Alain Perkaz , Unai Artieda, Andoni Agirre, Oihan Karasatorre, Mikel Arratibel eta Mikel Agirre.
Erdilariak: Gentza Erdozia, Asier Arratibel, Alain Iriarte, Aitor Saez, Iñigo Arratibel, Ivan Cerezo, Javi Fernandez, Darling Quezada, Aimar Ijurra, Eneko Larraza eta Ibai Senar
Aurrelariak: Xabat Goikoetxea, Jon Fran Huizi eta Alain Alberdi
Entrenatzailea: Iosu Murgiondo Mundiñano.