Udalak kanpinaren kudeaketa emateko deialdi berria egin du

Guaixe 2018ko urr. 15a, 09:16
Etxarri Aranazko kanpinaren ikuspegia. Argazkia: www.campingetxarri.com

Interesa dutenek euren proposamenak udaletxean azaroaren 9ra arte aurkez ditzakete.

Kanpinaren eta igerilekuaren alokairu-kontratua emateko deialdia hutsik gelditu ondoren, Etxarri Aranazko Udalak azpiegituraren kudeaketa emateko deialdi berria egin du. Deialdi berriak aurrekoaren oinarria mantentzen du, baina hiru aldaketa nagusi egin dira. Alde batetik, kontratuaren luzera 20 urtetik 15 urtera pasa da. Bestetik, kudeaketa hartzen dutenek aurreneko bi urteetan udalari 40.000 euro ordaindu beharko dizkiote. Hirugarren, laugarren eta bosgarren urtean 45.000 euro eta seigarrena eta hurrengoa 50.000 euro (kopuruak BEZa kanpo eta KPI eguneraketarik gabe).

Kanon horri lotuta egin du bigarren aldaketa udalak. Kanpinaren kudeaketa hartzen duenaren eta udalaren artean hitzarmen bat sinatuko da. Eta hartan jasoa geldituko da udalari pagatu beharreko kanonaren zati bat kanpinean inbertsioak egiteko bideratzeko aukera. Deialdian egindako azken aldaketak aukera emanen dio kanpinaren jarduerako zati bat azpikontratatzeko (taberna, mantenua…). Hori egin ahal izateko, pleguan jasotako zerbitzuak mantendu behar dira eta beti udalaren adostasuna izan beharko du.

Kanpina
Beheko basoan, Danbolintxulo dermioan daude udal igerilekuak eta kanpina. 1996an zabaldu zen turismo azpiegitura eta gaur egun 4 izarretako kategoria eta Q turismo kalitate ziurtagiria ditu. Kanpinak 37.830 metro karratuko azalera du. Kanpatzeko eta zerbitzuak eskaintzeko azalera 22.308 metro karratu ingurukoa da. Kanpatzeko 133 partzela ditu, 12.553 metro karratuko azalera hartzen dutenak. Haietan, batetik, 60 instalazio finko daude: 53 mobil-home eta 7 bungalow. Bestetik, 25 karabana, 6 denda eta libre dauden 38 partzela daude. Horiek guztiak sei eremutan banatuta daude.

Bestetik, 224,32 metro karratuko azalera erabilgarria duen aterpea dago. Haren barruan hiru gela handi daude, 29,87, 28,97 eta 23,48 metro karratutakoak. Haurrendako bi jolas parke daude, barbakoa gunea eta haren ondoan egurrezko aulkiak eta mahaiak dituen gunea, kirol pistak eta frontoi txikia (igerilekuko eremuan), biltegia, tenis pista (larrialdi kasuan heliportua dena) eta helduendako eta umeendako igerilekuak. Zerbitzu guneari dagokionez, harrerarako bungalowa, eraikin nagusia (igerilekuko eta kanpineko aldagelak, denda, taberna eta jatetxea) eta higiene zerbitzuetarako eraikina (dutxak, garbitokiak, garbigailua) ditu.