Urriaren 27an Etxarrin jokatuko den XII. Uharte Rollerski Saria aurkeztu dute

Guaixe 2018ko urr. 17a, 14:09

Uharteko Ipar Eski taldeak antolatu du lasterketa, Irrintzi Ski Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen eta Etxarriko Udalaren laguntzarekin. Helduendako proba (9,8 km) eta gazteena edo proba ez lehiakorra (2,8 km) izanen dira

Rollerskia elurra ez dagoenean eskia lantzeko modalitate bezala sortu zen, entrenatzeko, teknika hartzeko eta eskian ikasteko baita ere. Finean, eski itxura duten gurpildun patinete antzekoak erabiltzen dira, rollerskiak, botadunak, eta haiek jantzita eta bastoiak eskuan, ipar eskiaren antzeko mugimenduak egiten dira. Baina hasieran entrenamendu hutsa izateko jaio zen modalitatea hazi egin da eta bere entitate propioa hartu du. Horrela, Euskal Herri mailan Rollerski Liga jokatzen da, 8 proba dituena, tartean Nafarroan antolatzen diren bi proba. Eta horietako bat urriaren 27an jokatuko da, Etxarri Aranatzen, XII. Uharte Rollerski Saria, hain zuzen ere.

Txapelketaren nondik norakoak aipatu zizkiguten asteartean Uharte Ipar Eski Taldeko Jeronimo Garcia Frescak, talde horretako eskiatzaile, biathloilari eta rollerskilaria den Olga Gartziandia Ijurko etxarriarrak, Irrintzi Ski taldeko Aritz Pascual Garjonek eta Etxarrin jokatuko den proba antolakuntza lanetan dabilen Izaskun Ijurko etxarriarrak. Alboan Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia eta Etxarri Aranazko Udaleko kultur teknikari Amaia Ijurra izan zituzten, probaren laguntzaileak.

Etxarri Aranatzen urriaren 27an jokatuko den XII. Uharte Rollerski Saria rollerski klasikoko proba izango da. Proba lehiakorra eta ez lehiakorra izango da aldi berean, izan ere, puntako rollerskiatzaileak eta afizionatuak arituko baitira elkarrekin. Goizeko 11:00etan helduen proba hasiko da, Lizarragabengoatik. Bertan 14 urtetik gorakoek parte hartuko dute. Berroetako bidetik Etxarri Aranatzera helduko da eta bertan zirkuitu moduko bat prestatu dute. Bakaikurantz joko dute rollerskilariek, eta gasolina ondoan dagoen errotondan, buelta hartuko dute, Etxarrirantz. Zirkuitu honi bi buelta eman eta gero, guztira 9,8 km osatuko dituzte. Bestalde, 14 urtetik beherakoak Etxarri Aranatzen abiatuko dute euren proba, 11:05 inguruan, eta 2,8 km-ko ibilbidea egingo dute.

Izena ematea egunean bertan egin beharko da, goizeko 10:00etatik aurrera, Etxarri Aranazko udaletxe parean. Dohainik izango da. Proba hauek eskiatzaileen topaketak izaten dira eta giro oso polita sortzen dela aipatu dute antolatzaileek. “Bukaeran, errugbian bezala, hirugarren denbora izango dugu, auzate ederra izango da guztiendako”. Bertan parte hartzera eta proba zuzenean jarraitzera animatu zuten antolatzaileek. “Bitxia izango da, Sakanan ez da halako probarik jokatu. Ikusteko bada ere, urrriaren 27an Etxarrira gerturatzea animatzen zaituztegu” aipatu zuen Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak.