Hernanin Etxerat elkarteak duen bulegoan lan egin ondoren atxilotu zuten herenegun eta atzo espetxean sartu zuten Karlos Apestegia Jaka, ama etxarriarra duena. Horregatik, atzo informazio batzarra egin zen Etxarri Aranatzen. Haren askatasuna aldarrikatu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Diego Egea epaileak agindu du Apeztegia espetxeratzea: “ETA erakunde terroristako” kide izatea egozten dio, zigor “larriak” dituen delituak egitea eta “ihes egiteko arriskua” dagoela gaineratzen du.
Epailearen arabera, Apeztegia Puertoko espetxean preso zegoela (22 urtez egon zen), ETAko zuzendaritzarekin “komunikazio kanal egonkor eta segurua” eratu zuen. Epaileak dioenez, haren bitartez Malagako espetxeko zuzendariari buruzko informazioa helarazi zion ETAri eta ACAIP espetxe funtzionarioen sindikatuko egoitzari eraso egitea proposatu omen zuen. Informazio hori 2003an Frantziak eskuratu omen zuen, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Eta gaineratu du Frantziako Gobernuak Espainiakoari emandako ETAren kontrako jardunen dokumentazioaren artean zegoela Apeztegiaren kontra jotzeko agiria.