Juan Ramon Karasatorre Aldaz etxarriarra Castello II espetxean preso dago. Aurreko ostegunera arte isolamendu moduluan zegoen eta ordutik espetxeko modulu normalean dago. Karasatorre beste euskal herritar batekin zegoen moduluak eta biak atera dituzte handik. Frantziak Espainiaren esku utzi zuenetik, etxarriarrak 5 urte egon da isolatuta. Hau da, ziegan 20 ordu egoten zen eta 4 ordu burni-harizko teilatua zuen patio txiki batean.
Etxarriko Sarek presoen isolamendua salatzeko 20+4 kanpaina egin zuen eta Karasatorren beraren azalpenak ere publiko egin zituen: “isolamenduan tratua oso krudela da. Errespetu gabe tratatzen gaituzte; garrasika, etengabe irainduz... Guri kriston tentsioa eragiten digu egoera honek... Isolamendu egoeran, espetxeak ez du deus egiten presoari laguntzeko, presoak moduluetan birgizarteratzeko ez du ezertxo ere egiten...” Espetxean antolatutako aktibitateetan parte hartzeko eskubidea ukatua zuela azaldu zuen ere. Urtearen zatirik handienean itzalean egoten zen burni-harizko teilatudun patio txiki batera ateratzen zituztela gaineratu zuen.