Memoria eta buru arintasuna lantzera

Guaixe 2018ko aza. 11a, 12:55
Etxarriarrak plazan. Artxiboa.

Zahartze aktiboa sustatzeko tailerrean izena ematea azaroaren 12ra arte egin daiteke.

Gaur egungo gizartean gero eta bizi itxaropen handiagoa dugula jabetuta, Etxarri Aranazko Udalak zahartze aktiboa lantzeko proiektuak sutatu nahi ditu herriko adineko pertsonen artean. Adinduek bizi-kalitatea izateko hainbat lan-ildo lantzea komeni dela uste dute udalean.

Horregatik, "zahartze aktiboa" sustatzeko adinduendako tailerra antolatu du. Haren helburua da "bizitzako etapa hori osasunez eta bizi kalitate onarekin bizitzea". 65 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroa da.

Udaletik jakinarazi dutenez, tailerra heldu den ostegunean hasiko da eta apirilaren 16an bukatuko da. Astearteetan eta ostegunetan izanen da, 11:00etatik 13:00etara, kultur etxeko bigarren solairuko Txaigorri gelan. Guztira bi orduko 35 saioz osatuko da tailerra; 70 orduko iraupena izanen du tailerrak. Talde bakoitzean zortzi eta hamar pertsona artean ariko dira.  Saioak ele biz izanen dira, pertsona bakoitzaren arabera. Izena eman nahi dutenek udaletxetik azaroaren 12a baino lehen pasa behar dute.

Helburuak
Etxarri Aranazko Udalak antolatutako tailer horren helburuak honakoak dira: autonomia funtzionala sustatzea eta hari eustea; norberaren nortasuna eta autoestimua bultzatzea; errendimendu kognitiboa optimizatzea, pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzea; norberaren ezaugarriak bertute bihurtzea, bakoitzaren gaitasunak bultzatuz, autoestimua indartzeko; buru-gaitasunak sustatzea eta haiei eustea; ingurunekiko loturak haustea ekiditea eta inguruko harremanak indartzea.

Horretarako, memoria, orientazioa, hizkuntza, konzentrazioa, kalkulua, gimnasia egokitua, soziabilitatea, ingurunearekiko harremana, sormena, dibertsioa eta osasuna landuko dituzte.