Bakaikoak Promesen txapela ekarri du

Guaixe 2018ko aza. 12a, 12:15

Promesen Lau t’erdiko finalean 16 eta 22 irabazi zion Joanes Bakaikoak Jon Ander Peñari. Hurrengo urtean Lehen Mailako Buruz Burukoan eta Lau t’erdian aritzeko txartela lortu du etxarriarrak, urte borobilean

Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarrak urte zoragarriari ginda jarri zion larunbatean Labriten. Maiatzean Promesen mailako Buruz Burukoa irabazi ondoren, larunbatean Promesen Lau t’erdia irabazi zuen Asegarceko aurrelari etxarriarrak, Peña II.aren kontra jokatutako finalean. Final estuan, 16 eta 22 irabazi zuen etxarriarrak, promesen kaiolako txapela jantzi zuen eta hurrengo urtean, 2019an, lehen mailako Buruz Buruko eta Lau t’erdiko txapelketetan aritzeko txartela lortu zuen. Elitera hurbiltzeko pausu erraldoia eman du, beraz, Etxarriko pilotariak.

Bakaikoak izan zuen kontrola, baina sufritu ere egin zuen
Iruñeko Bombonerak itxura oso polita zuen larunbatean, Promesen Lau t’erdiko finala hartzeko. Akaso Jon Ander Peñak zuen gihar eta potentzia gehiago, baina Joanes Bakaikoak izan zuen, uneoro, partidaren kontrola. Etxarriarrak ez zuen partidatik deskonektatu, Peñari tarteka gertatu zitzaion bezala. Horrela, partida eraginkorra egiten saiatu zen etxarriarra, pilota ezker paretara hurbilduz eta presioa nabaritu zuenean, pilotari altuera ematen. Hasieran, sakea alde zuela 2 eta 10 aurreratu zen Bakaikoa. Jon Ander Peñak ez zuen bere tokia aurkitu eta tanto ikusgarriak akats nabarmenekin tartekatu zituen. Horrela markagailuan 5 eta 14 joan zen Bakaikoa. Partidaren erdialdera, bolada on bat izan zuen gipuzkoarrak eta 14 eta 16 hurbildu zen markagailuan, baina, etxarriarrak ez zuen kontzentrazioa galdu eta, azkenean, Peñaren akatsak eta Bakaikoaren tantoak tarteko, 16 eta 22 irabazi zuen etxarriarrak.

Bukaeran oso zoriontsu zegoen Bakaikoa. “Urte borobila izan da hau; Buruz Burukoaren ondoren Lau t’erdikoak borobiltzen duena” azaldu zuen. Onartu zuen finalean une larriak pasa zituela. “Finalak ezberdinak dira, tentsio handia egoten da, baina oso zentratuta hasi dut partida. Partida erdian beherakadaren bat izatea normala da, eta izan dut, sakearekin opari handia egin baitiot Peñari; abantaila polita nuen eta egin diodan opari horri buelta asko eman dizkiot, baina zentratuta jarraitu dut eta estutasun horretatik ateratzea eta irabaztea lortu dut” aipatu zuen etxarriarrak.

Lau t’erdiko promesen mailako txapela ekarri du Bakaikoak Sakanara. Ederki ospatu zuen larunbatean. Ea hurrengo igandean Ezkurdiak lehen mailakoa ekartzen duen.

Argazkiak: Asegarce.