Etxarriko plazako estalope berriko egurrezko egitura jartzen hasi ziren asteartean. Kioskoa eta estalopea biek teilatu bera partekatuko dute eta hari eutsiko dion egitura da atzo eta gaur Jamsarko langileek jarri dutena. Pixkanaka, beraz, itxura hartzen ari da Etxarri Aranazko plazako estalope berria. Udalaren asmoa litzateke eguberrietako ekitaldietarako estalopea prest egotea.
Bestalde, pasa den igande goizaldean ezezagunek Maiza plazan (Telefonikakoa) farola bat lurrera bota eta beste bat hautsi zuten. Eta plazan paperontzi bat eta aurten jarritako banku bat hautsi zuten ere. Larunbatean Itzaletik argira eguna antolatu zuen lantaldeak halakoek “graziarik” ez dutela adierazi dute.