"Jaialdiaren lengoaia mugimendua da"

Guaixe 2018ko aza. 16a, 14:32
Maider Beloki Iruñeko kultur zinegotzia, Laida Aldaz Zinetikako zuzendaria eta Patxi Presa Koldo Mitxelena kulturguneko zuzendaria. UTZITAKOA

Zinetika bideo eta dantza jaialdia sortu zuen Laida Aldaz artista etxarriarrak duela hiru urte. Atzo hasi zen eta azaroaren 21era arte eginen da Iruñean, Donostian eta Bilbon

Zinetika festibalaren hirugarren edizioa hasi zen atzo Iruñeko Kondestable jauregian. Bideoak eta dantza uztartzen ditu festibalak. Laida Aldazek sortu zuen dantza garaikidea Nafarroan gizarteratzeko helburuarekin, eta dagoeneko jaialdia handituz joan da. Iruñean egiten hasi zen eta aurten hiru hiriburutara zabaldu da. Gainera, ikus-entzunezkoen kantitatean eta kalitatean ere nabarmenki handitu da.

Zer da Zinetika?
Dantza eta ikus-entzunezko arteak elkarlanean jartzen dituen jaialdia da; mugimenduak eta kamerak, teknologia eta gorputza... Hainbat formatutan ematen da harreman hau: filmak, masterclass-ak, performance-ak edota instalazioak.

Nola uztartzen dira bi arte hauek?
Era askotan eta desberdinetan izan daiteke. Jaialdian erakusten diren obrak ez dira gai baten inguruan. Jartzen zaien gai bakarra dantza eta ikus-entzunezkoak dira eta horrekin artista bakoitzak sakontzen du nahi duen moduan. Guk obrak ikusten ditugu eta egokienak iruditzen zaizkigunak aukeratzen ditugu.

Dantzaren bidez istorioak kontatzen dira?
Bai. Batzuetan istorioak abstraktuagoak dira, beste batzuetan narratiboagoak. Espazioaren eta denboraren arteko istorioa izan daiteke, baita kolorei buruzko istorio bat ere. Edozein istorio izan daiteke. Dantzak eta gorputzaren mugimenduak kontatzen digu istorioa, ez dute zertan hitzik izan behar.

Zinetikaren hirugarren edizioa da. Arrakastatsua, beraz.
Lehenengo urtean Iruñean egin genuen. Iaz Gipuzkoako dantzaguneak Donostian egiteko aukera eskaini zigun eta, beraz, Iruñean eta Donostian egin genuen. Aurten Iruñeko Kondestable jauregian, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko BilbaoArten eta La Fundicionen eginen dugu. Geroz eta jende gehiago etortzen da, eta gure jaialdian jakin-mina dute. Gainera, lrotzen ari gara gero eta artista gehiagok bidaltzea haien lana. Iazko edizioarekin alderatuta aldaketa handia izan da: 130 lan jaso genituen iaz eta aurten 1.200 lan jaso ditugu. Salto handia izan da.

Jaialdia handitzen ari da.
Aurten nahiko genuekeena ikus-entzuleak geroz eta gehiago izatea. Ikus-entzuleen kopurua handituz joan da urtero, eta aurten gehiago egotea espero dugu. Arlo honetan interesa piztu eta ikumina sortu nahi dugu.

Zergatik sortu zenuen Zinetika?
Kanpoan bizitzen 18 urte daramatzat eta bueltatzeko asmoa nuen, baina ikusi nuen oraindik gauza asko daudela egiteko hemen. Orduan pentsatu nuen etorkizunean itzuli nahi banuen ni hasi beharko nintzela gazak sortzen. Dantza garaikidea izan da nire bizibidea, baina hemen ez zen oso ezaguna eta ez zegoen gauzan handirik. Beraz, horrelako festibal batek dantza zein desberdina eta anitza izan daitekeen erakutsi zezakeela pentsatu nuen. Hau da, film laburren bidez jendeari erakustea dantza zer den. Horrela hasi zen eta handitzen joan da, eta film laburrak ez ezik prestakuntzak, performance-ak eta abar ditugu.

Zergatik da berezia Zinetika?
Alde batetik, hiru herridetan egiten dela jaialdia. Gure intentzioa da herrialde ezberdinetan gauza desberdinak egitea eta herrialde ezberdinetako artistak elkarlanean aritzea. Baita instituzioen elkarlana bultzatzea ere. Xelebrekeria bat da. Guk erabiltzen dugun hizkuntza mugimenduaren lengoaia da eta horrek suposatzen du interpretazioa oso irekia dela. Hau da, guk aurkezten ditugun obretan ez diegu ikus-entzuleari zer ikusi eta nola ikusi behar duen. Askatasuna ematen diogu nahi duena interpretatzeko eta pentsatzeko. Berezitasun hori garrantzitsua da.

Zer suposatzen du zuretzat Zinetika bezalako festibal bat antolatzeak?
Esfortzu handia. Jaialdi independientea da eta urtero laguntzak eskatu behar ditut eta aurrera ateratzeko modua bilatu behar dut. Aurten pertsona batzuk ditut lagun, baina ez da jaialdi oso handia eta ezin ditut pertsona horiek urtean zehar nirekin izan. Beraz, nik gauza asko egin behar ditut. Lan asko, ordu pila bat eta ilusio handiak jarri ditut festibal honetan jendearen dantzarekiko duen ikuspuntua eta burua irekitzeko asmoarekin.

Zeintzuk dira Zinetikako atalak?
Esan bezala, masterclass edo prestakuntza saioak daude. Pertsona batek ikastaro bat egiten du. Gabirel Villota eta Patxi Araujo artista eta unibertsitate ikasleen masterclass-ak ditugu. Gainera, Araujok instalazio performatikoa ere eginen du. Arratsaldetan filmen proiekzioak izanen dira eta lau sailetan banatuta: Sail Ofiziala, Open Screen, Zinetiks eta Dokumnetalak. Egitarau osoa  zinetikafestival.com web gunean ikus daitezke. Bilbon, amaitzeko, Carmen Larrazen performancea izanen da. Dantza, argazkiak eta proiekzioak uztartzen ditu.