Goizeder Beltza hirugarrena 3. Mailako Euskal Herrikoan

Guaixe 2018ko aza. 21a, 11:55

Larrabetzun jokatutako finalean Julen Larrea gailendu zen eta Beltza 2. mailara igotzeko 24 segundora geratu zen

Igande eguerdian 3. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala jokatu zen Larrabetzun. Sei aizkolari lehiatu ziren, Goizeder Beltza etxarriarra tartean. Hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako pago enbor erdibitu behar izan zituzten sei finalistek. 21 urteko Barakaldoko Julen Larreak aurrea hartu zuen hasieratik eta bera izan zen azkarrena eta txapelduna, merezimenduz (13:29), eta bigarrena Arratiako Hodei Ezpeleta gaztea sailkatu zen (13:55). Biek mailaz igotzea lortu zuten eta hurrengo urtean Euskal Herriko 2. mailan ariko dira. Goizeder Beltzak hirugarren despeditu zituen lanak (14:19) eta mailaz igotzeko 24 segundo eskasera geratu zen etxarriarra. Laugarrena Jokin Alkizalete izan zen (14:53), bosgarrena Jesus Etxeberria (16:29) eta seigarrena Beñat Lekue (16:39).