Gaur jokatuko da Izeta VIII. Sariketaren finala

Guaixe 2018ko aza. 23a, 09:06
Pikuxarren jokatuko zen kanporaketetako bat. NAF. BERTSOZALE

Saats Karasatorre etxarriarra sailkatu zen Irurtzungo Pikuxar elkartean jokatu zen kanporaketan. Gaur, azaroaren 23a, ostirala, 19:30ean, jokatuko da Mariano Izeta Sariketaren 8. finala Elizondoko Arizkuenean

Irurtzunen eta Lizarran jokatu ziren Izeta Sariketaren bi kanporaketak aurreko ostiralean, azaroaren 16an. Bi sakandarrek parte hartu zuten Irurtzungo kanporaketan, Idoia Granizo altsasuarrak eta Saats Karasatorre etxarriarrak. Kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari sailkatu ziren, eta etxarriarrak lortu zuen finalean egotea. Irurtzungo hirugarren sailkatua izan zen Karasatorre.

Sakandarrak ongi

Karasatorrerekin batera, Mikel Lasarte eta Amaia Elizagoien bertsolariek lortu zuten finalerako txartela. Mikel Lasarte izan zen Irurtzungo hoberena 180 punturekin. Elizagoienek 170,5 puntu lortu zituen eta Karasatorrek 166,5 puntu. Idoia Granizo bosgarren lekuan gelditu zen 160,5 punturekin. Zigor Gartzia izan zen gai-jartzailea eta Arkaitz Goikoetxeak, Miel Mari Elosegi "Luze"-k eta Joxema Leitzak egin zituzten epaile lanak.

Egun berean jokatu zen Lizarrako Izeta Sariketaren kanporaketa. Josu Sanjurjo, Xabat Illardegi eta Sari Robles bertsolariak finalera sailkatu ziren. Hala ere, Illardegi ezingo da Elizondon egon eta Irati Majuelo laugarren sailkatua egonen da. Beraz, gaur, azaroaren 23a, ostirala, Elizondoko Arizkuenean eginen den finalean Mikel Lasarte, Amaia Elizagoien, Saats Karasatorre, Josu Sanjurjo, Sarai Robles eta Irati Majuelo bertsolariek parte hartuko dute.

Elizondoko finalean puntu gehien biltzen dituen bertsolariari txapela jarriko zaio;  gainera, bertso onena ere sarituko du epaimahaiak. Gaurko finalean bertsolariek 8ko handian eta txikian, binaka, hiruna bertso egin beharko dituzte; zortziko txikian, banaka, bi punturi erantzun beharko diete; binaka gai bati buruzko hiruna kopla sortu eta bakarka gai bati buruzko bina bertso egin.

Nafarroako bertsolari gazteei eta hasiberriei bultzada emateko eta sustatzeko sortu zuten Mariano Izeta Sariketa Nafarroako Bertsozale elkarteak eta Baztango Udalak. 2006. urtean Izeta Sariketaren txapela Sakanara etorri zen Oier Lakuntzaren eskutan.