Etxarri Aranatzek Artajones liderrari irabazi zion

Guaixe 2018ko aza. 26a, 14:33

Preferente maila. 11. jardunaldia: Artajones 1 – Etxarri Aranatz 3

Asteburuan Artaxoan jokatutako partidan Artajonesek lidergoa galdu zuen Etxarri Aranatzek 1 eta 3 irabazi baitzion. Partida ongi hasi zen liderrarendako: Berak Artajonés aurreratu zuen, baina Etxarrik partidari buelta ematea lortu zuen. Xabatek penaltiz berdindu zuen, eta Javierrek Etxarriren bigarrena sartu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian berdintzera atera zen Artajones, baina Etxarrik Artaxoakoen asmo guztiak zapuztu zituen, oso ongi defendatu baitzuen. Eta partida borobiltzeko kontraeraso bat bikain aprobetxatuz Alainek Etxarriren hirugarren gola lortu zuen. Partida bikaina jokatuta eta hiru puntuekin itzuli ziren gureak Artaxoatik.

Partida honen emaitzak eragina izan du sailkapenean. Artajonesek lidergoa galdu du eta orain Barañaingo Lagunak da preferenteko lider berria (20 puntu), Artajonesi puntu bat aterata. Etxarrik gora egin du eta laugarrena da sailkapenean (18 puntu). Hortaz, oso estu daude postuak. Hurrengo jardunaldian Etxarrik sailkapenean postu bat beherago dagoen Burlades B hartuko du (17 puntu). Hortaz, arerio zuzenen arteko partida izango da San Donato zelaian jokatuko dena.