Etxarri Aranazko II. Txakurkrosa prestatzeko topaketa egin zuten igandean

Guaixe 2018ko aza. 28a, 11:20

Igandean txakurkrosean eta bikejoringean aritzen diren kirolariak bildu ziren Etxarri Aranazko kanpinean, abenduaren 23an jokatuko den Etxarri Aranazko II. Txakurkroseko ibilbidea ezagutzeko

Abenduaren 23an jokatuko da Etxarri Aranazko II. Txakurkrosa, Euskanikross taldeak eta Xalok kirol, dietetika eta nutrizio zentroak antolatutako lasterketa. Aurreko urtean antolatu zen proba lehenengoz, 70 partaide inguru aritu ziren eta aurten ere proba antolatzera animatu dira, probak izan zuen erantzun onagatik. Aurten Etxarriko proba Euskadiko Txakurkros ligarako puntuagarria izango da.

Izenak dioen bezala, txakurrari lotuta korrika egitea, hori da, modu xumean azalduta, txakurkrosa. Hainbat modalitate daude: txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea; bikejoring, parte-hartzailea bizikletan joatea eta txakurrak bizikletari lotua; eta patina, parte-hartzailea patin baten antzeko batean joatea eta txakurrak patinari lotuta.

Probak aurreko urteko ibilbide bera izango du, parte-hartzaileek iaz ibilbidearen ikusgarritasuna nabarmendu baitzuten. Etxarriko kanpinetik abiatuko da eta Triku Trail lasterketako paraje batzuetatik barna ibiliko dira. Ibilbidearekin txundituta geratu zirela aipatu ziguten antolatzaileak, bidean denetatik zegoelako: desnibeleko bideak, desnibel gabekoak, eje-bueltak, ura, putzuak…

Aurreko igandean ibilbidea ezagutzeko topaketa antolatu zuten Etxarri Aranazko II. Txakurkroseko antolatzaileek Etxarriko kanpinean. Aldi berean, denboraldiko 3. Euskanikross topaketa izan zen igandekoa, eta 6,26 km-ko buelta egin zuten bertan parte hartzera animatu zirenak, Etxarri Aranazko II. Txakurkros probak izango duen ibilbide berbera. Bertan aritu zirenak gustura ibili zirela aipatu dute sare sozialetan.

Izena ematea
Etxarri Aranazko II. Txakurkrosean izena ematea zabalik dago www.sailkapenak.com web gunean, abendutik aurrera.

Argazkiak: Etxarri Aranazko txakurkrosa.