Santiago Belza Maizaren berri laburra

Guaixe 2018ko abe. 6a, 11:16
Santiago Belza Maiza eta Carmen Ayerbe. Argazkiak: familia albuma.

Etxarriarraren familiak idatzitako oroigarria irakugai duzu hemen. Bere ikasketa prozesuaren, lanen, Kolonbiako egonaldiaren, egin zuen musika ibilbidearen eta itzuleraren berri ematen du familiak, besteak beste.

Santiago Belza Maiza (Etxarri Aranatz 1918- Donostia 2000) musikagilea eta koru zuzendaria, Nafarroako Sakana haranean, Jakanekoa baserrian jaio zen 1918ko abenduaren 6ean. Hortaz, bere jaiotzaren mendeurrena ospatuko dugu. Gaztetan musika eta organo ikasketak egin zituen Altsasuko kaputxinorekin eta ezagutza horiek erabat baldintzatu zuten etorkizunean bere lanbidea, nahiz eta hasiera batean Olatzagutiko Etxabarri zerrategiaren arduran jardun eta Carmen Ayerbe donostiarrarekin ezkondua zelarik, han bizi izan ziren eta bertan jaio ere bere seme-alaba zaharrenak: Xabier eta Lurdes.

Lan aukera berriak eraman zuten Santiago eta familia Iruñera. Bertan, Gipuzkoako Bilore xaboi enpresaren Nafarroako ordezkaritzaren ardura izan zuen eta garai hartan hain modako ziren mahai-futbolen lehen banatze antolaketa egin zuen. Iruñean jaio zen Txus hirugarren alaba eta, bestalde, musika zaletasunak Iruñeko Orfeoiarekin jarri zuen harremanetan. Hainbat emanaldi zuzendu zituen eta orfeoiko tenor bakarlari aritu zen ere 50. hamarkadaren hasieran.

Aipatu nahi dut Iruñeko Orfeoiaren oraingo zuzendaria, Igor Ijurra –Santiagok ezagutu zuena noski– Etxarri Aranazkoa dela eta egun orfeoiko beste zenbait partaide ere Etxarrin bertan bizi direla. Buru-estima handia ozta-ozta 2500 biztanle biltzen dituen herri batendako.

1954. urtean Santiagok 36 urte zituela, Belza-Ayerbe senar-emazteak, erabaki latza hartu zuten, garai hartan beste euskaldun askok egin zutena eta kantak dioena: “Buscando hacer fortuna como emigrante me fui a otras tierras”... Beraiek Kolonbiara joan ziren. Kolonbian bazituzten lehendik bi arreba, agustindar errekoletoen ordeneko moja zirenak, hango lehen harremanak erraztu zizkietenak. Santiagok bere musika jakinduriaz aparte Donostiako mujikatarrek egiten zituzten “Armoniphon” organo elektronikoen ordezkaritza zeraman, beraz azkar hasi zen organo saltzaile parrokia, komentu eta hantzerakoetan anitz urtez. Esan beharrik ez dago salmenta bakoitzeko tenore edo organista lanetan ordu asko biltzen zituela. Baina merkatuan azaldu ziren beste organo eta teklatu elektroniko merkeagoak, hain sofistikatuak ez zirenak, eta horrek, nolabait, bere lan ibilbidean beste aldaketa bat ekarri zuen.  



Musikari lotutako gizona eta oso ezaguna elizarenean, azkar izendatu zuten zenbait parrokiako organista titular eta mota guztietako zeremoniatan kantatu edota organoa jotzen zuen. Aldi berean, musika ere konposatzen zuen –batez ere erlijio-moteteak– eta ezinbestekoa bazen, korua zuzendu ere. Bogotako hainbat ikastetxeetan musika irakastea izan zen beste ogibideetako bat.

Madrigalistas de Colombia koruaren zuzendaria ere izan zen. Bertan bere bi alabek, Mikel seme gazteenak –hau Kolonbiako hiriburuan jaioa– eta Luis, gerora suhia izango zenak kantatzen zutelarik. Acerías de Paz del Rio eta Fundación niños de San Antonio koruen ardura ere izan zuen.

Baina bere jarduera artistikoa ez da hor bukatzen. Zarzuela konpainietan kantatzeko hainbat aukera izan zituen eta tenore bezala ibili zen Kolonbia, Ekuador eta Costa Rica aldeko hirietan. Bogotako Teatro Colón zabaldu zenean, Guillermo Uribe Holguín maisuak idatzitako Furatena kolonbiar operan lehen tenorea izan zen.

Ibilbide luze horretan zehar 60 obra baino gehiago idatzi zituen. Haien artean 30 baino gehixeago erlijiosoak, bat edo bi ahotsetan eta beste hainbat –folklorikoak– ia denak lau ahotsetan. Gehienak Eresbil musikaren euskal artxibategian jasota daude. Batzuk aipatzekotan Tu es sacerdos meza lau ahotsetara, Aita Joaquin Sanchez, jesuita, apaiz egin zenerako bereziki idatzia. Eta bere bizitzaren azken aldera Donostiako Easo Korurako idatzi zituenak. Bertan, Xabier seme nagusienak, Asier bilobak eta Jon birbilobak ikasi eta abestu zuten. Lau belaunaldi koru berari uztartuta.



Bere arte zeregina osatu zuten beste jardueren artean idazketa dago, bi liburu idatzi bahit zituen: Cita en dos mundos eta Sinfonía en fugas. Haietan garbi islatzen da bere nortasuna, bere bizipen aberats eta askotarikoak bi kontinenteetan eta maitasuna musikari, Kolonbiari, bertako jendeari eta bere jaioterriari.

Bere familia ugaria aurrera ateratzeko ostalaritzan ere egin zituen saiakerak: kafetegia eta okindegia jarri zituen martxan, trokelak egiteko lantegi batean parte hartu zuen eta baita Bogotako gida turistiko bat egiten ere. Gainera, bazkide ere izan zen hegaztiak ustiatzeko landetxe batean eta lagun suitzar geologo batekin, Tolimako Andes mendilerroan deslaitutako urre meategi bat zabaltzera ausartu zen. Ekimen horiek guztiak esperientzi berri bat bezala bukatu ziren besterik gabe.

Bogotatik itzuli ondoren, Santiago Belza Maizaren azken urteak Etxarri bere jaioterria eta Donostia artean igaro ziren. Azken lanaldia Egin egunkariko gaueko atalean eman zuen eta Donostian zendu zen 2000. urtean 82 urte zituelarik. Carmen bere alargunak (gogotsu oraindik 99 urterekin) bere lau seme-alabek eta gainontzeko familia euskaldun-kolonbiarrak, biografia txiki honetan aipatzen diren bizipenak gogoan dituzte oraindik eta egiaztatzen dute halako pertsona paregabe eta maitatuaren bihozberatasuna.