Gazte Asanbladek abenduaren 6an badute zer landu

Guaixe 2018ko abe. 5a, 14:28
Arbizuko Argi Bidea elkartean egin zen aurreneko jardunaldia.

Sakanako Gazte Asanbladek herri eskola, gune autogestionatuei buruzko mahai-ingurua eta manifestazioa antolatu dituzte abenduaren 6an Etxarri Aranatzen, espainiar konstituzioaren egunean.

Erroetara joz, pauso berria zerumugara! lelopean Sakanako Gazte Asanbladen arteko jardunaldiak burutzen ari dira azaroan eta abenduan. Jardunaldi horien barruan, bihar, Espainiar Konstituzioaren egunean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Sakanako Gazte Asanbladek Etxarri Aranatzen.

Lehenik eta behin, goizeko 11:00etan herri eskola izanen da Etxarriko Gaztetxean, Ikasle Abertzaleek antolaturik. Eta arratsalde partean, 16:00etan, gune autogestionatuei buruzko mahai-ingurua hartuko du Etxarriko Gaztetxeak. Errekaleor, Maravillas eta Lizarrako gaztetxeetako kideekin batera, Zer dira gune autogestionatuak? gaiaren inguruan aritzeko aukera izango dute gazte sakandarrek. Gune autogestionatuak sistemaren hutsuneak gestionatzeko espazio soilak edo sistema bera gainditzeko proiektu politikoak diren hausnartuko dute.

Bukatzeko, arratsaldeko 19:00etan manifestazioa abiatuko da Etxarriko plazatik, Jai egun arrotzei intsumisioa! lelopean.