Zama Doinuz Arindu IV. jaialdia eginen dute urtarrilean

Guaixe 2018ko aza. 30a, 10:56

2017ko Zama Doinuz Arindu jaialdia.

Urtarrilaren 13an eginen dute Zama Doinuz Arindu IV. jaialdia. Bi emanaldi egonen dira 17:00etan eta 19:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude

Etxarri Aranazko Sarek eta senide eta lagunek laugarren urtez Zama Doinuz Arindu kontzertu akustikoen ikuskizuna antolatu dute urtarrilaren 13rako. Kontzertu bikoitza eginen dute 17:00etan eta 19:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean. Euskal Herriko abeslari ezagunek parte hartuko dute jaialdian.

Aurreko edizioetan bezala kontzertuen helburua "euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea" da. Gainera, urtetan luzatu den gatazkaren konponbidean urratsak ematearen aldeko mezua zabaltzea da xedeetako bat.

Kartel osatua antolatu dute 2019ko jaialdirako: Glaukomako Juantxo Arakama eta Lil Martin Selektah; Fermin Muguruza eta Deskontrol taldeko Magu-Arri; Pantxo Carrerre; Koban; Akelarre taldeko kideak diren Juanpa, Xanet eta Xabi; Huntzako Josune eta Uxue eta Afu abeslaria. Gainera, Exprai marrazkilaria eta Itziar Ituño aktorea egonen dira ere Etxarri Aranatzen.

Sarrerak dagoeneko salgai daude. 15 euroko prezioa dute, eta Etxarri Aranazko Udaletxeko kultura bulegoan, www.etxarriaranatz.eus web gunean eta Xapatero eta Leku Ona tabernetan eskuratu daitezke.