Udaberri elkartean sutea

Guaixe 2018ko abe. 10a, 10:17

Suhiltzailea elkartearen atean. Argazkia: @Bomberos_NA

Karrikestu kalean dagoen Udaberri elkartean sutea izan zen larunbatean. Larrialdi zerbitzuek 19:15 aldera jaso zuten sutearen berri eta Altsasuko suhiltzaileak hura itzaltzera bidali zituzten. Bi kamioi eta autoa joan ziren. 20:00etarako lana despedituta zuten. Elektrizitateak eragindako sutea izan zen, sarreran dagoen elektrizitate koadroan. Haren azpian zeuden bi edukiontziri eta beheko solairu guztiari eragin zion. Kalte handirik ez, baina ke handia eragin zuen suteak. Ezbeharra izan zen momentuan ez zegoen inor elkartean.

Udaberri elkartea Etxarri Aranatzen dauden sei elkarteetako bat da, gainontzekoak honakoak dira: Elizazpi, Gure Etxea, Hartzabal, Karrikextu eta Larrañeta. Udaberri elkarteak bi solairuko eraikina duela 10 bat urte berritu zuten eta hainbat gazte kide egin ziren. Elkarte hori da ferietako mendira joan-etorria lasterketa antolatzen duena.