Gazte asanbladendako konstituzioa kapitalismoaren tresna da

Guaixe 2018ko abe. 11a, 18:58

Sakanako gazte asanbladen jardunaldien barruan, Etxarri Aranazko gaztetxean abenduaren 6an egindako hitzaldia. Argazkia: @ArbizukoAGA

Sakanako gazte asanbladek jardunaldien barruan, abenduaren 6an jai-egun arrotzei intsumisioa egiteko eguna antolatu zuten Etxarri Aranatzen. Iluntzean egindako manifestazioan adierazi zutenez, “langileen mesedera dagoen gizarte bat eraikitzen hasten garen bitartean, funtsezkoa da espainiar eta frantziar estatuei zein gainontzeko dominazio mekanismoei zilegitasunik ez aitortu eta  hauen aurrean intsumitzea”. 10 gazte asanbladetako ordezkariek “zapalkuntzarik gabeko gizarte aske bat” aldarrikatu zuten, “elkartasunean oinarritutako bide horretan antolakuntza eta borroka izan behar dira motorra”. Gazteek adierazi zuten “gainontzeko sektoreekin elkarlanean” aritzeko prest daudela: “Sakanako gazte asanbladak borroka horretarako tresna izaten jarraituko dugu, gazteria antolatu eta borrokaren mesedera dauden tresnak”.

Gazte asanbladek antolatutako manifestazioan azaldu zutenez, 1978ko abenduaren 6a “espainiar trantsizio faltsua markatu zuen eguna” izan zela, “egun batetik bestera frankistak demokratak bilakatu zituena”. Frankismotik zetozen enpresarien, epaileen, polizien eta politikarien artean arazketarik ez zela egin gaztigatu zuten. Nabarmendu zutenez, Espainiako konstituzioa “mozorroa aldatzeko tresna gisa erabili zen, funtsezkoa berdin mantentzeko, sistema kapitalista bere horretan mantentzeko. Horregatik, gaur atzo bezain beharrezkoa da normaltasun kapitalistaren aurka borrokatzea”. Gazteen iritziz “kapitalismoa bere gaitz guztiekin legezko egiten duen tresna da konstituzioa”.  

Sakanako gazte asanbladen jardunaldiak bi hitzaldirekin segida dute abenduan. Lehena gazte asanbladen funtzioa borrokan. Zer funtzio izan dute gazte asanbladek Euskal Herriko borrokan? Gazte asanbladen inguruko eztabaidak birgogoratuz. Hitzaldi hori Altsasuko gaztetxean izanen da larunbatean, 11:00etan. Abenduaren 26an, berriz, Sakanako gazte asanbladen bilakaera. Ibarreko gazte asanbladen kide ohiek erakunde horiek nola sortu ziren eta izandako eztabaida nagusiak aztertuko dituzte, Urdiaingo gaztetxean, 11:00etan.