Jaiotzetan artistak

Guaixe 2018ko abe. 14a, 14:46

Ilbeltzaren 7ra arte dago ikusgai, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara eta domekak eta jai egunetan 13:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.

Atzera ere agerian gelditu da Sakanako Belenzaleen Elkartearen maila handiaren tamaina. Dozena bat jaiotzaz osatutako erakusketa prestatu dute. Hainbat dentsitateko porespanari mendi, harri, etxe, lur, zutabe eta bestelako testurak emateko eztainua urtzeko gailua eta kuterra erabili dituzte lehenik,   margoak, kola eta goroldioa ondoren. Horrela, bateko eta besteko txokoak irudikatu dituzte, mugagabeko pazientziarekin, hainbat oztopori aurre eginez eta erabateko dedikazioz.

Erakusketa bukatzean elkarteko kideek jaiotzak jaso eta biltegira eramaten dituzte. Horrela, hutsik gelditutako espazioan zuzenean jaiotza berria egiten hasten dira. Aurtengo negu eta udaberri euritsuarekin eta bestelako arrazoirengatik hori guztia ezin izan dute egin orain gutxira arte. Eta Felipe Orabengoak esan digunez, “horrek tokian bertan lan egitea eragotzi digu eta bi astetan aurrekoak desmuntatu eta berriak muntatu behar izan ditugu”.

Jaiotzak egiteko langintzari Katy Mayor, Felipe Orabengoa, Paco Sanz, Emeterio Galan, Luis Borrega, Jesus Mari Garmendia, Javier Beunza eta Saturio Flores lotu zaie aurten. Orabengoak azaldu digunez, ikusgai dauden 12 jaiotzetatik 7 berriak dira eta beste 5ak aurreko urteetakoak. Haietako bat Euskal Herriko elkartearen erakusketan egondakoa. Jaiotzak egiterakoan argazkietan oinarritzen direla jakinarazi digu Orabengoak. Jakinarazi digunez, elkartekideak aurten Badajoz, Sevilla Mollna (Malaga), Murtzia eta Valentziako jaiotzak ezagutuko dituzte, “hangoei bisita bueltatuz”.

Sakanako Belenzaleen Elkarteak 40 bat bazkidek osatzen dute. Normalean dirua ateratzeko jaiotza baten zozketa egiten dute eta txartelak erakusketa tokian salgai izaten dituzte. Baina aurten ezinezkoa izan da. Beraz, han jarritako kutxan diru-ekarpenak egin nahi dutenek horretarako aukera izanen dute ere. Orabengoak jakinarazi duenez, jaiotzak nola egiten dituzten erakusteko tailerrak emateko prest daude.

12 dioramak
5 metro karratuko azalera hartzen du jaiotza bakoitzak eta bakoitzean Jesusen eta haren gurasoen dozena bat pasarte jasotzen dira: Ama Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Jesusen haurtzaroa; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen urratsak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.