Preferentea: Itaroa Huarteren kontra azken unean galdu egin zuen Etxarri Aranatzek

Guaixe 2018ko abe. 17a, 13:20

Preferente maila. 13. jardunaldia: Itaroa Huarte 4 – Etxarri Aranatz 3

Etxarri Aranatzek Uharte Iruñean jokatu zuen, Areta zelaian. Ongi hasi ziren gauzak Etxarrirendako, 7. minutuan Goikoetxeak talde sakandarra aurreratu baitzuen, Huartekoen akats bati esker. Corner baten jaurtiketaren ondoren sartu zuten bigarrena etxarriarrek, Fernandezek hain zuzen ere, baina atsedenaldia baino lehen Itaroa Huartek gol bat sartzea eta markagailuan gerturatzea lortu zuen. Etxarrik aukera gehiago izan zituen, baina Itaroako atezainak geldialdi bikainak egin zituen.

Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Itaroa Huarte. Bina berdintzea eta 3 eta 2 aurreratzea lortu zuten tarte laburrean, baina Etxarrik hiruna berdindu zuen, 81. minutuan, Iriartek sartutako golari esker. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, azken minutuan laugarren gola sartu zuen Itaroa Huartek, garaipena eman ziona, eta punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak.

Lagunak taldea da preferente mailako liderra (23 puntu). Etxarri Aranatz 7.a da (19 puntu). Hurrengo jardunaldian jaitsiera postutan dagoen Pamplona B taldea hartuko du Etxarrik San Donato zelaian.