Etxarriko plazaren inguruko parte hartze prozesua

Plazako kiosko-estalopea mustutzeko eguna

Guaixe 2018ko abe. 21a, 13:53

Bihar, 19:30ean, argi-izeraitzearen ondoren dantzariek, erraldoiek eta herriko musikariek parte hartuko dute. Tripeki-auzatearekin despedituko da mustutze ekitaldia.

Etxarriarren artean denetariko iritziak sortu dituzten kiosko berritua eta estalopea mustutzeko eguna izanen da bihar. Eneka Maiz Ulaiar alkateak Beleixe Irratian esan duenez (FM 107,3 edo www.guaixe.eus), “kiosko-estalope kontzeptua dugu. Funtzio-anitzetako espazioa da. Arlo askotarako balioko duena: azokarako, aisialdirako, kultur programaziorako, kirola, denbora pasa eta parrandarako espazioa izanen da ere, dela auzate, bazkariak… Adinekoak, haurrak han egoteko ere balioko du, eguraldi txarra egiten duenez… Kiosko-estalopea gauza askotarako baliagarria eta polibalentea izanen dela aurreikusten dugu”. Alkateak aipatu du egindako lanekin kioskoak zituen teknika arazo guztiak konpondu direla: altuera jaitsi, zabalera gehiago eman, zutabeak atera dira.

Maizek nabarmendu duenez, “urte eta erdi lanean egon ondoren jasotako emaitza da”. Gogoratu zuen joan den urteko otsailean abiarazi zuela udalak plazari buruzko parte-hartze prozesua. “Talde tekniko batean hainbat aditu, boluntario, musikari, arkitekto, udaleko langileak eta ordezkariak bildu ginen. Bi inkesta egin genituen. Lau batzar ireki deitu ziren. Plaza-aldea nola hobetu pitteka-pitteka erabakiak hartzeko. Estalopea kate horren azkeneko kate-begia izan da momentuz”.

Maizek gogorarazi du prozesu horren barruan aurretik zein lan egin diren: udaletxe ingurua eta Iturri-Eder ingurua oinezkoendako gune bihurtu zirela, mugikortasun eta irisgarritasun aldetik hobekuntzak egitea, Larreñondon 80 autorendako baino gehiagorendako egindako aparkalekua… Kiosko-estalopea ilbeltzaren 26ko kinto ospakizunetan hartuko ditu etxarriarren aurreneko dantzaldiak. Hainbat kintadek bat egin dute eta egun horretarako disko-jartzailea kontratatuko dute, 20:00etatik 22:00etara eta 00:00etatik 02:00etara plaza girotuko duena.

Kiosko-estalopea datuetan
350 metro karratuko azalera.
16 zutabe, kioskoko 6ak barne.
50 metro karratuko azalera du kioskoak.
Metro erdi jaitsi da kioskoaren altuera.
Bi norabideetan erabili daiteke kioskoa, udaletxe aldera eta estalope berrirantz.
124.000 euroko aurrekontua.