Udalak 473 LED argi jartzeko lanak eman ditu

Guaixe 2018ko abe. 27a, 08:39

Udaletxeko fatxadan kontsumo baxuko farolak.

Etxarri Aranazko Udalak Zumurdiñeta industrialdeko eta Arluzepe, Zugarreta, Bureña, Nagusia, Arangorrieta eta Aldapasoro kaleetako eta hiltegiko argindar koadroei lotuta dauden bonbillak LED argiekin ordezkatuko ditu heldu den urtean. Etxarri Aranazko Udalak 499 argi ordezkatzeko eskaera aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, baina 473 onartu zizkion, antzinate irizpideengatik 26 atzera botaz. Etxarri Aranazko Udalak LED argiak jartzeko lanak Aldakin enpresari eman dizkio 232.985 euroren truke. Diru kopuru horren % 40 udalak pagatuko du eta gainerako % 60 gobernuak.

Argiteria publikoan eginen duen aldaketa horrekin, Etxarri Aranazko Udalak hainbat helburu lortu nahi ditu: jarritako argindar sarearen energia kontsumoa optimizatzea, dirua aurreztea, argiteria publikoko kalitatea hobetzea, azpiegituren segurtasuna hobetzea, atmosferara isuritako CO2a murriztea, azpiegituren diseinuan arrazionalizazioa eta azpiegiturak egungo legedira egokitzea.