Etxarrik Amigo izango du aurkari, partida erabakigarrian

Guaixe 2019ko urt. 10a, 11:11

Preferente maila. 14. jardunaldia: Etxarri Aranatz 0 - Pamplona B 1

Eguberrietako oporrak baino lehen jokatutako preferente mailako 14. jardunaldian, Etxarri Aranatz taldeak Pamplona B taldea hartu zuen San Donaton. Etxarrik ez zuen partida ongi hasi eta laugarren minuturako aurreratu zen Pamplona B. Etxarrik ez zuen behera egin eta gutxinaka partidaren kontrola hartzen hasi ziren etxarriarrak, baina kontrako atean ez zuten asmatzen. Bigarren zatian Etxarrik izan zuen partidaren kontrola eta gol aukera ugari sortu zituen, baina baloiak ez zuen Pamplonaren ate barrura sartu nahi izan,  Pamplonak ongi defendatu zuen eta 3 puntuak Iruñera joan ziren.

Artajones da preferente mailako liderra (26 puntu). Galdu eta gero eta Etxarri Aranatz 9. postura jaitsi da (19 puntu). Hurrengo jardunaldian, larunbatean, arerio zuzena izango du Etxarrik, bere puntu berberekin sailkapenean zortzigarrena den Amigo taldea. Beraz, partida erabakigarria da 16:00etan Amigon jokoan dagoena.