Etxarriko Txakurkrosa, sendotzen

Guaixe 2019ko urt. 10a, 12:10

Aurreko urtean baino 40 kirolari gehiagok hartu zuten parte abenduaren 23an jokatutako Etxarri Aranazko Txakurkrosean, 114 guztira. Patinetan Jon Gonzalez gailendu zen, bikejoringean Joseba Garcia eta Ainara Elbusto eta txakurkrosean Mikel Etxeberria eta Tamara Vazquez

Abenduaren 23an jokatu zen, Etxarri Aranazko kanpinean, Euskanikross taldeak eta Xalok kirol, dietetika eta nutrizio zentroak hainbat babeslerekin antolatutako II. Etxarriko Txakurkrosa. Behe-lainoa egon zen goiz guztian, baina korrika egiteko primerakoa izan zela aipatu digu Euskanikross taldeko Igor Artieda etxarriarrak. “Tenperatura egokia zen txakurrendako eta gustura aritu ziren guztiak” aipatu digu.

Iazko parte-hartzaile kopurua mantentzea zen erronka, baina xedea hobetu zuten, 40 partaide inguru bildu baitziren Etxarriko kanpinean, 114 guztira, euren txakurrekin. Hiru modalitatetan jokatu zen proba: lehena, bikejoringa, parte-hartzailea bizikletari lotua joatea eta txakurrak bizikletari lotua. Modalitate honetan 15 kirolari lehiatu ziren; patina, parte-hartzailea patin baten antzeko batean joatea eta txakurrak patinari lotuta. Modalitate honetan 4 kirolari aritu ziren; eta, azkenik, txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea. 95 kirolarik egin zuten honen alde.

Etxarri Aranazko kanpinaren inguruan prestatutako ibilbide ederrean izan ziren probak. Lehenik eta behin bikejoringekoak abiatu ziren, segidan patinekoak eta azkenak txakurkrosekoak. “Ibilbidea iaz baino hobeki zegoen, lokaztua eta hezea baina korrika egiteko hobeki. Ibilbide azkarra da, zenbait tokitan geldia, putzu handiren bat ere bazegoen eta gorabehera eta errebuelta asko dituena, oso entretenigarria. Oso kontentu zeuden parte-hartzaileak” gaineratu du Artiedak.

Probari dagokionez, bikejoringean Joseba Garcia eta Ainara Elbusto izan ziren txapeldunak. Patinetan, aldiz, Jon Gonzalez Garcia lazkaotarra gailendu zen eta Juan Bautista Urtasun urdiaindarra hirugarrena sailkatu zen. Bera izan zen proban aritu zen sakandar bakarra, eta podiumera igo zen. Azkenik, txakurkrosean Mikel Etxeberria eta Tamara Vazquez igo ziren podiumaren gorenera.  

Bukaeran auzate ederra egon zen denendako Etxarriko kanpinean bertan eta sari ematean ohiko trofeoez gain hainbat sari zozketatu ziren. Kirolari gehienek ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten eta askok hurrengo urtean itzuliko direla aipatu zuten. Bestetik, antolakuntzan oso kontentu daude. 25 boluntario aritu ziren lanean guztia behar bezala joateko eta haiei eskerrak eman nahi dizkie Igor Artiedak.