Maiza larri gaixo dauden presoen zerrendan sartu dute


Guaixe 2019ko urt. 10a, 19:30
Gaixo dauden presoen alde egindako auto karabana.

Jaiki Hadi elkarteko kideen iritziz, gaixo dauden 21 presoak “kalean eta baldintzarik gabe egon beharko lukete”.

Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi duenez, osasun ikuspegitik begiratuta gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak 21 dira. Elkarteko kideen arabera, 21 pertsona horiek “Euskal Herrira ekartzea edo zainketa zein baldintza egokienak behar dituzte”. Mediko elkarteko kideek jakinarazi zutenez, “patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Jon Gurutz Maiza etxarriarra zerrenda publikoari gehitu zaio”.

Jaiki Hadiko kideek jakinarazi zutenez, 69 urteko Maizak gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuinekoaren galera haurtzarotik; diabetesa;  dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra. Lannemezango espetxean dago preso, 330 km-ra. 11 urte eta 6 hilabete daramatza preso. Elkartetik 21 preso horiek “kalean eta baldintzarik gabe egon beharko luketela” uste dute. “Arduradunek jakin dezatela, pertsona hauen osasunaren eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da”.

Etxarri Aranazko Sareko kide Mikel Mundiñanok Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) esan duenez, “gaixo dauden preso guztiak atera behar direla kalera. Ez dugu inolako desberdintasunik egiten. Hori urtetan esan dugun gauza bat da. Berdin zaigu kolore batekoa edo bestekoa izan. Denok daukagu osasunerako eskubidea eta kartzelan gaixotasun sendaezin bat duenak etxean egon behar du horri aurre egiteko”.