Abenduaren 22an propio egindako ekitaldian mustu zuten etxarriarrek plazako kiosko-estalope berria. Hainbat iritzi sortu ditu eraikuntza berriak baina mustutze ekitaldira bildutakoen artean halako harrotasun sentipena nabari zen. Ordutik asteak joan dira eta kiosko-estalope berria plazako beste elementu batean bihurtu da, bide batez, aldameneko herrietako hainbat pertsonen bisita erakarri duena.
Betiko plazan, estalope berriaren mustutze ekitaldian Eneka Maiz Ulaiar alkateak hala hizketatu zen: “gure herriak badauka toki berezi bat, denon topagune dena. Gure herriak badauka biltoki bat gure ospakizunen eta aldarrikapenen ardatza dena. Badaukagu toki bital bat, jaiotzen, hazten eta zahartzen ikusi gaituena. Gure pozen eta tristuren testigu dena. Desberdinen arteko loturak egiten dituena. Edozein tokitara joanda ere, barne-barnean eramaten duguna. Errotzen gaituena. Etxarriarrok bat egiten gaituena”.
Ekitaldia Juanpa Agirreren eta Maider Ansaren kanta batekin hasi zen. Lekukoa Etorkizuna dantza taldeak hartu zieten eta haiei gaitariek, dantzakia jo zutenak. Eta haren doinura Etxarri Aranazko erraldoiak estalope azpian dantzatu zuten. Gwendal taldearen Irish jig (etxarriarrendako Aupa, Etxarri!) kantuaren doinura etxarriarrek kiosko berriari lehen bueltak eman zizkioten. Despeditzeko, auzatea izan zen: Larrañeta elkarteak prestatutako tripekiak.