Doinua, maitasuna, elkartasuna eta irribarrea

Guaixe 2019ko urt. 14a, 16:25
'IV. Zama doinuz arindu' jaialdiaren talde argazkia. UTZITAKOA

Laugarren urtez Etxarri Aranazko 'Zama doinuz arindu' elkartasunezko jaialdia arrakastatsua izan da

Doinuarekin euskal presoen, errefuxiatuen eta iheslarien "sufrimendua" arintzea da Zama doinuz arindu jaialdiaren helburua. Beste urte batez, eta laugarrena izan da, arrakastatsua izan da Etxarri Aranatzen ospatutako kontzertua atzo, ilbeltzaren 13an, egindako jaialdia: bi emanaldietarako sarrerak agortu ziren. Urtero presoen eskubideen urraketaren inguruko gai bat hartzen dute Zama doinuz arindu lan taldeak, eta aurten emakumea eta kartzela izan da jorratutako gaia.

Bi emanaldi izan ziren atzo Etxarri Aranazko kultur etxean. Eta biak bete ziren. Hurrenez hurren agertokian Exprai margolaria, Koban, Akelarre, Huntza, Afu, Juantxo Glaukoma, Pantxoa Carrere eta Fermin Muguruza eta Deskontrol. Gainera, emakume presoek jasaten duten eskubide urraketa bikoitza izan zen gaia, eta horren inguruko kontakizuna Itziar Ituño aktoreak egin zuen.

"Gustura esango genuke aurtengo azken Zama izan dela". Hainbat urtetako sufrimenduari "doinua, maitasuna, elkartasuna eta irribarria" jarri ziotela azaldu du lan taldeak.

Zama doinuz arindu lan taldearen hitzetan: "pozgarria eta eskertzekoa da Etxarri Aranatz bezalako herri txiki batean honelako elkartasun jaialdi bat antolatzea". Une hunkigarriak ere izan ziren jaialdian. Azken astean "joan zaigun" Luis Mariñelarena presoaren aitari eta Etxerateko kideari omenaldia "xumea bezain maitagarria" eskaini zitzaion.

"Zama" lan taldeak jaialdia antolatzen jarritako "ahalegina, dedikazioa eta maitasuna" eskertu nahi du.