Doneztebe Etxarriri gailendu zitzaion

Guaixe 2019ko urt. 28a, 13:00

Preferente maila. 17. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Doneztebe 3

Etxarri Aranatzek Doneztebe taldea hartu zuen San Donato zelaian. Ongi hasi zen Etxarri, baina gutxika Doneztebek hartu zuen partidaren kontrola eta Malerrekakoak markagailuan aurreratzea lortu zuten, soilik arbitroak ikusi zuen penalti bati esker. Bigarren zatian Etxarri saiatu zen, baina ez zuen Doneztebekoen atea zulatzea lortu. Bitartean, Doneztebek bigarren gola sartu zuen eta handik gutxira hirugarrena lortu zuten Malerrekakoek, zelai erditik. Etxarrik saiatzen jarraitu zuen eta Xabatek etxarriarren lehen gola sartu zuen, penalti zalantzagarri bati esker, eta nahiz eta Etxarrik erasoan jarraitu, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 1 eta 3 galdu zuten gorritxoek etxean.

Lagunak taldeak jarraitzen du preferente mailako lider (33 puntu), Burlades B taldeari 2 puntu aterata (31 puntu). Etxarri Aranatzek sailkapenean behera egin du eta 10.a da, 22 punturekin. Asteburuan etxean jokatuko du atzera ere Etxarrik, eta sailkapenean laugarrena den Arrotxapea taldea hartuko du.