Aitor Zubietak Bostekoa saioa aurkeztuko du ETBn

Guaixe 2019ko urt. 31a, 13:30

Herrien arteko Pentatlon Txapelketa izango du oinarri saioak, eta ETBk azaldu du otsailaren 14tik aurrera eskainiko dutela, ostegunero

Euskal Telebistak iragarri du otsailaren 14tik aurrera Bostekoa izeneko programa eskainiko duela eta Aitor Zubieta pilotari ohi etxarriarrak aurkeztuko dituela programako saioak, ostegunero.

Bostekoa programan, 8 herri edo talde lehiatuko dira elkarren kontra; 5 herri kirol proba egin beharko dituzte: sokatira, 63 kiloko harriari hamar altxaldi, 25 kiloko bi txinga eraman, bost mozketa trontzan eta 470 kilo garraiatu, giza proban. Finean, herrien arteko pentatloi txapelketa izango da, hau da, probalekuan bost proba osatu beharko dituzte taldeek. Saioak Mungiako Birleko probalekuan egingo dituzte.

Txapelketa final laurdenekin hasiko da 8 talde lehiatuko dira: Ibarra-Tolosa, Elorrio-Abadiño, Leitza-Goizueta eta Azpeitia-Errezil. Talde onenak sailkatuko dira finalerdietarako eta, bukaeran, final handia jokatuko da: talde irabazleak 5.000 euro eta txapela irabaziko ditu. Saio honekin Aitor Zubieta etxarriarra telebista aurkezle lanetan mustuko da.

ETBtik adierazi dutenez, Aitor Zubietak tokian tokiko irratiekin egingo du lan saioa aurkezteko, “tokiko irratiek herritarrak ongi ezagutzen dituztelako. Zubietaren eta lehiakideen esperientzia kontatuko dute: bai programan, bai lehiaketan bertan”.