Frontoia, edo txerri-korta?

Guaixe 2019ko ots. 3a, 12:46
Zikinkeria Euskalerriari frontoian. Argazkiak: Etxarri Aranazko Udala.

Euskal Herriari frontoian zikinkeria pilatu da eta pilota eskolaren entrenamenduetan eta partidetan arazoak sortu ditu.

Latak, poltsak, botilak eta kristalak, zigarrokinak, pixa, kaka… Euskal Herriari frontoiak pilotalekua baino azken aldian “pipero” itxura hartu zuela zirudien. Bakarren batzuk pilotalekua edateko, jateko, kontsumitzeko eta komun bezala erabili izan dute. Etxarri Aranazko Udalak salatu duenez, zikinkeria nagusi zen eta, ondorioz, bai udaleko langileak bai pilota eskolako kideak garbitzen ibili beharra zuten. Horretaz aparte, frontoia argiztatzeko argi-koadroko kutxako giltzarrapoa bostetan puskatu dute. Baimenik gabe argia erabili izan dute eta ondoren itzali ez eta gaur eta egun piztuta gelditzen zen. Argindar kontsumoak eta langileen garbiketa lan-orduek udalari gastu handia ekarri diote.

Udala langileekin, pilota eskolarekin eta erabiltzaileekin hitz egin ondoren, egoera zuzendu asmoz, behin behineko neurri bat hartzea adostu dute: frontoia ixtea eta hara soilik giltzarekin sartzea. Guztien asmoa da pixkanaka-pixkanaka frontoiaren ordutegia zabaltzea, zikinkeria pilatzen den edo ez aztertu eta garbi mantentzen bada, lehen bezala zabalik egotera bueltatzea. Beraz, baimena duten elkarteek eta eragileek erabili ahalko dute frontoia. Etxarriarren batek kirola egiteko erabili nahi badu, udaletxean baimena eskatu eta giltza jaso beharko du. Horretarako, udaletxetik bulego ordutegian pasa beharko du (10:00etatik 14:00etara) edo kultura@etxarriaranatz.eus e-postara idatzi. Udaletik argitu dutenez, frontoia partidu edo jarduera publikoetan herritar guztiendako irekita egonen da.



Deia
Etxarri Aranazko Udalean espero dute “egoera konpontzea, eta frontoiaren erabilera okerra egiten duten haur eta helduek zuzen jokatzea, batzuengatik herritar guztiak kaltetuak izan daitezkeelako”. Bide batez, oharra egin dute: “zikinkeria (txutxe-poltsak, latak, jana, aluminioak, pipak, zigarrokinak…) lurrera botatzeko ohitura oso zabaldua dago: ikastolako eta eskolako patioan, plazan, tabernen aurrean, txutxeak saltzen diren establezimenduetan… Horrek guztiak zikin eta zabar itxura ematen dio gure herriari, eta kalte handia egiten dio inguruneari”.