Nafarroako Bertsolari Txapelketarako prest

Guaixe 2019ko ots. 1a, 12:16

Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak. NAF. BERTSOZALE ELKARTEA

Otsailaren 9tik martxoaren 23ra jokatuko da Bertsolari Txapelketa, herrialde osoan antolatutako saioetan

Nafarroako Bertsolari Txapelketa 1936koa dela diote Nafarroako Bertsozale Elkartetik. Urte berean jokatutako Bertsolari Egunean Txirritak jantzi zuen txapela, baina aurretik hiru kanporaketa jokatu ziren eta Elizondokoan Juan Felix Iriarte Berjinanto nagusitu zen. Bera da Nafarroako lehen txapelduna. Azken txapelketa 2017an jokatu zen, eta Julio Sotok jantzi zuen txapela. Txapeldun ordea sakandarra izan zen: Eneko Lazkoz. Aurten 44. Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatuko da.

Otsailaren 9an, larunbata, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren ibilbidea hasiko da. Nafarroa hegoaldetik iparraldera zeharkatu du txapelketak, bertsolaritza eta euskal kultura geografia osoa sustatzeko nahian. Tuteran hasi eta Iruñean amaituko da Txapelketa martxoaren 23an eta, guztira, zortzi saio jokatuko dira. Bi sakandar arituko dira, biak etxarriarrak: Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorre. Gainera, martxoaren 9an finalaurreko bat jokatuko da Etxarri Aranazko kultur etxean.

30 bertsolariek eman zuten izena, eta aurre-kanporaketak jokatu ondoren, 24 ariko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketan, horien artean 2017ko txapelketako txapeldun ordea izan zen Eneko Lazkoz etxarriarra. Lazkozek Julio Sotorekin buruz burukoa jokatu zuen, eta, azkenean, Sotok jantzi zuen txapela. Saats Karasatorre etxarriarrak ere parte hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Irunberriko aurre-kanporaketan txartela lortu ondoren. Aurreko txapelketan Karasatorre 25. sailkatua izan zen. Bertsolariekin batera, zazpi epailetako taldea, hamabost gai-jartzaile eta hamaika laguntzaile Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurrera eramaten lanean ariko dira.

Txapelketa

Guztira, lau final-laurden jokatuko dira Tuteran, Urdazubin, Iruritan eta Lizarran. Hortik, 18 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Hiru finalaurreko izanen dira: Atarrabian, Etxarri Aranatzen eta Lesakan. Finalaurrekoetatik zortzi bertsolari pasako dira finalera; Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da, martxoaren 23an, eta, bertan, puntu gehien eskuratu dutentatuko bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta horietako batek txapela jantziko du.

Final-laurdenak otsailaren 9an, 10ean, 16an eta 17an jokatuko dira. Otsailaren 9an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa Tuterako Musika Eskolan jokatuko den final-laurdenean, eta han jokatuko du Saats Karasatorre etxarriarrak. Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte eta Joana Zigandarekin batera ariko da etxarriarra. Gai-jartzailea Maialen Belarra izanen da.

Eneko Lazkozek otsailaren 17an, Lizarrako Gazteriaren Etxean, jokatuko du lehenengo aldiz aurtengo txapelketan. Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño bertsolariekin ariko da, eta gai-jartzailea Ander Aranburu izanen da.

Finalaurrekoak martxoaren 3an, 9an eta 10ean izanen dira, eta 9ko saioa Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da. Saio guztiak 17:30ean izanen dira. Zortzi saioetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, eta interneteko www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Gainera, saioetan bertan lehiaketan ere erosi ahalko izanen dira. Gainera, saioak eginen diren herrietan ere aurre-salmentarako guneak egonen dira; hortaz, Etxarri Aranazko saiorako Xapatero tabernan erosi ahalko dira sarrerak. Baita finalerako sarrerak ere erosteko aukera izanen da Etxarriko tabernan ere.

Bertsolaritzaren sustapena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa "bertako bertsolaritza" sustatzeko modu ezin hobea dela adierazi dute Nafarroako Bertsozale Elkartetik. Hortaz, txapelketaren helburuak bertsogintza eta euskarazko kultur eskaintza herrialde osora zabaltzea, bertsolariei goi mailako plaza eskaintzea, bertsolaritzaren inguruan lan egiten dutenak elkartzea eta bertsolaritza "prestigiozko adierazpide gisa" egonkortzea dira.