"Bikoteka gure proiektua martxan jartzeko aitzakia izan da"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ots. 1a, 11:09
Anaitz Igoa eta Joxe Aldasoro ikastaroan. UTZITAKOA

Bikoteka album ilustratuak sortzeko ikastaroan parte hartu dute Joxe Aldasoro eta Anaitz Igoa etxarriarrek. Elkarrekin proiektu bat eginen dute

Album ilustratuak sortzeko testua eta ilustrazioak behar dira. Hala ere, ez da ipuin edo testu bat hartu eta ilustrazioak jarri, Castillo Suarez idazleak azaldu zuenaren arabera. Bi elementuen arteko harremana egon behar da, nahiz eta biek identitate propioa izan. Bikoteka ikastaroan idazleak eta ilustratzaileak elkartu dira proiektu bat aurrera eramateko. Joxe Aldasoro eta Anaitz Igoa etxarriarren kasu.

Bikoteka ikastaroan parte hartu duzue. Zergatik?
Anaitz. Nik marraztea eta ilustrazioa asko maite dudalako, eta Joxek idaztea maite duelako. Aurretik proiektu bat hitzartuta geneukan Joxek idatzitako ipuin bat nik ilustratuko nuela, eta bageneukan ikastaro honen berri ere. Hitz egin genuen aurten aurkeztuko ginatekela, eta informazioa iritsi zitzaigunean primerako ideia iruditu zitzaigun eta aurrera egin genuen. Proiektu hori mahai gainean jartzeko aukera bat zela ikusi genuen.

Aurretik, beraz, elkarrekin zerbait egiteko ideia zenuten.
Joxe. Ipuin bat egin nuen eta Anaitzi komentatu nion ipuin horren gainean zerbait egiteko, eta baiezkoa eman zuen. Proiektua hainbat hilabete aparkatuta egon da eta Bikoteka aitzakia izan da proiektua berriz hartzeko eta martxan jartzeko.

Zer ikasten ari zarete?
A. Egunero ilustratzaileok ilustrazioaren inguruan ariketak egiten ditugu, eta idazleak idazketaren inguruan; betiere albumarekin lotua edo albumean atera daitezkeen atal desberdinei lotuta. Irudimena lantzeko eta elkarrekin lanean aritzeko ariketak ere egiten ditugu.

Idazle bat eta ilustratzaile bat behar dira albumak egiteko?
J. Obligaziorik ez dago, baina album ilustratu batek bi hizkera ditu: testua idatzia eta irudia. Idazlea esan daiteke espezializatuagoa dagoela idazketan eta ilustratzailea marrazketan. Baina biak lotuak egon behar dira. Ikasi behar da irudia eta hitza ongi lotzen album bat egiteko.

Erraza da?
A. Ez dakit ongi moldatzen garen edo zer, baina gure proiektuan ni oso eroso nago. Hori lantzen ari gara, egia esan. Bitartean gure proiektua lantzen ari gara eta irakasleak hor daude. Etengabe galdetzen dugu nola egin ditzakegun gauzak, eta laguntzen digute.
J. Ikasten ari gara. Niri kostatzen zait, oso interesgarria da, baina erraza esango nuke ezetz. Gero, idazleondako oso garrantzitsua da hitza, eta orduan esaten badigute hitz bat edo esaldi bat kentzeko minarekin hartzen dugu. Baina, noski, ilustratzaileari esaten badiote hemen hobe hau kentzen baduzu eta hitz bat jarri orduan suminduko da bera. Etengabeko elkarrizketan egon behar gara, eta komunikazio ona izan behar dugu.

Joxe, hainbat literatur lehiaketetan parte hartu duzu, eta irabazi ere.
J. Baten bat irabazi dut, baina egia da ez direla punta puntako edo lehen mailako lehiaketak. Sakanan pare bat irabazi dut, eta Bizkaia aldean besteren bat. Zer edo zer egin dut, bai.

Orain, urrats bat gehiago eman nahi duzu eta album ilustratu bat sortu?
J. Bai, eta ni marrazten zero. Lagun bat behar nuen eta aurkitu dut.

Eta zuk, Anaitz, ilustrazioaren munduko lehiaketetan parte hartu duzu?
A. Ni hasi nintzen Etxepare sariak zeudela jakin nuenean. Ilustratzea gustatzen zitzaidan eta ilustrazio tailer bat egin nuen. Asko gustatu zitzaidan eta horri begira nuenarekin hasiko nintzela erabaki nuen. Aldi pare bat aurkeztu nahiz. Egia esan urte hauetan nire marrazteko moduan aldaketa handia ikusi dut. Eta gero MarraziOak topaketetan parte hartu dut eta bi alditan hor aritu naiz. Baina ez dut inongo saririk lortu. Ikasten nabil, ikasten jarraitu nahi dut; disfrutatzen.

Etxepare sarietara aurkeztuko zarete?
A. Albuma bukatu behar dugu. Ikusten ari gara lan asko egin behar dugula guztia prest iztteko. Ea iristen garen.
J. Arazoa da lan handia egin behar dela. Ilustrazioek lan handia eskatuko diote Anaitzi, gure proiektua tamainoz nahiko handia delako. Ordu asko sartu beharko ditu.

Zer ematen dizuete idazteak eta ilustratzeak?
J. Oraindik oso ongi ez dakit. Barne daukadan kezkak, ezinegonak, miseriak eta horiei bide ematea, nire kasuan.
A. Ez dakit. Txikitatik margotu eta marraztu dut. Mendira joatea gustuko dudan bezala, marraztea ere. Eta batzuetan gozatzen duzu eta beste batzuetan zure barruan duzun hori marrazkien bidez ateratzen da. Gauza asko daude, eta hor adierazten dira.

Kasu honetan Joxeren ipuin bat izan duzue oinarri, baina zertan inspiratzen zarete?
A. Kasu honetan, testu baten gainean sortu dira ilustrazioak. Baina ez du zertan horrela izan behar. Izan daiteke bien artean sortzea edo marrazkietatik idatzia sortzea... kasu honetan horrela izan da.
J. Ariketa batean poema bat irakurri ziguten eta azaldu behar genuen zer irudi etortzen zitzaizkigun burura. Horren ondoren album ilustratu bat sortu behar genuen poema horretan inspiratuta. Testuak eta irudiak oso desberdinak ziren, ez zuten lotura. Orduan, inspirazioa da esertzea, boligrafoa, ordenagailua edo dena delakoa hartu, eta idazten hasi eta marrazten hasi.
A. Nik uste garrantzitsua dela horretan egotea, horretan aritzea. Nik izan ditut denboraldi batzuk gehiago edo gutxiago egon naizela, eta gehiago aritzen naizen horietan idei gehiago etortzen zaizkit. Dena pil pilean dago.

Gaur, otsailaren 1ean, ikastaroaren azken eguna izanen duzue. Zer nolako esperientzia izan da?
J. Gustura aritu gara. Lan metodologia interesgarria da, arina. Ez dago teoriarik, baina ariketak komentatzerakoan gauza asko ateratzen dira. Egia da egunero zortzi ordu izan direla eta pixka bat nekagarria izan dela, baina erritmoa ez da estresantea edo itogarria izan.
A. Ni oso gustura egon naiz. Gainera, beste kide batzuekin aritzeko aukera ematen dizu. Niretzat ez da hori oso ohikoa, normalean nire kabuz lan egiten dut eta beste batzuekin aritzeko aukera eta besteen lanak ikustea eta entzutea oso aberasgarria da.