Euskal preso politikoen senideak elkartzen dituen Etxerak erakundeak jakinarazi duenez, urtea hasi denetik, 33 egunetan, senideek eta lagunek presoak bisitatzera egindako joan-etorrietan lau istripu izan dituzte. Etxerat elkartetik adierazi dutenez, “zoriak ekidin du ezbehar horren ondorioak larriagoak ez izatea. Istripu horien erantzukizuna dispertsio politikaren kudeatzaile eta bermatzaileena dela. Astebururo, bisita dagoenean, euskal preso politikoen senide eta lagunak bidaia luzeak egitera behartuak daude; hauek espetxera iristeko egin behar duten distantzia, errepidearen egoera eta ezarritako ordutegiei erreparatu gabe”.
Etxerat elkarteak euskal gizarteari, eragile eta erakundeei deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die, “dispertsioarekin behingoz bukatu arte”. Gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan kontzentrazioak deitu dituzte, Iruñean Espainiako gobernuak duen ordezkaritzaren parean, 20:00etan. Eta, gainera, dei egin du ostiralero moduan Etxarri Aranazko plazan 20:00etan eginen den kontzentrazioan parte hartzera.
Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) gogorarazi du sakabanaketaren ondorioz euskal preso politikoen 16 senide hil direla; “politika hiltzaile hau mantentzen den bitartean senide gehiago hiltzeko arriskuak iraungo du”. AEMtik gaineratu dutenez, “ez dira kasualitatearen ondorio, Espainiako eta Frantziako Estatuek preso politikoei egiten dieten xantaia krudelarena baizik”.