Etxarri Aranazko ihoteak 90ko hamarkadan berreskuratu ziren. Ordutik ospakizunak etxarriarren egutegian tokia egin du. Baina aspaldikoa da aldaketak egiteko asmoa. Esaterako, Etxarri Aranazko Udalak 2013ko azaro akaberan etxarriarrak ihoteen inguruan hausnartzera deitu zituen. Batzarrak ez zuen arrakastarik izan eta ospakizuna zegoen moduan gelditu da.
Gaia, ordea, etxarriarren ahotan egon da. Horregatik, ihote batzordeak, gazte asanbladak, 2019ko kintoak eta Etxarri Aranazko Udalak bat egin eta ostegunerako bilera deia egin dute, 17:30ean, udaletxean. Ihoteak indartzeko zer egin aztertuko da. Aukeren artean ospakizun egun bat larunbatera pasatzea litzateke. Hori, hala bada, astearteyotearen nortasuna zein beharko lukeen ere mahai gainean jarri beharko litzateke. Ihoteetan interesa duten etxarriar guztiak bileran parte hartzera deitu dituzte.
Iyote egutegi zabala aurretik
Batzuendako tokitan dago martxoaren 5a, astearte-ihotea. Baina Etxarri Aranatzen horren aurreko hiru ostegunetan izaten dira ospakizunak. Ihote egutegia Gizakunde ospatuz eginen dute, heldu den ostegunean, hilak 14. Garai batean gizonezkoen ospakizuna zen. Gaur egun kintoak txatarrez jantzi eta kalez kale eskean ariko dira. Aste bat pasata, otsailaren 21ean, andrekunde ospatuko da. Garai batean emakumezkoen ihote eguna zena, hainbat etxetako emakumezkoen afariarekin mantentzen da. Egun horrekin kintoek txatarrak soinean jantzi eta eskean aritzen dira. Hirugarren eta azken osteguna, otsailaren 28koa, Garikunde edo borrokako eguna, txatarrek zigorrak eskutan jendea berotu egiten dute.
Bi data gehiago falta dira Etxarri Aranazko ihote egutegian: Zalduniyote, martxoaren 3an. Haurren eguna. Haiek dira mozorroak jantzi eta gurasoekin elkartez elkarteko ibileran dabiltzanak. Astearteiyotean, otsailaren 21ean, kinto ospakizunekin batera bat eginen dute ihoteenak. Mozorroak eta afariak izanen dira.