Nafarroako Bertsolari Txapelketa hasteko dena prest dago. Prest daude ere Sakanako bi bertsolariak: Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz. Izan ere, asteburuan lehenengo final-laurdena jokatuko da Tuteran. Igandean Urdazubin izanen da saioa. Eta Karasatorre bihar ariko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren mustutze saioan. Lazkoz datorren astean estreinatuko da aurtengo txapelketan.
Nafarroako Erriberan izanen da Bertsolari Txapelketaren lehenengo saioa bihar. Igandean, aldiz, Urdazubira, Nafarroako iparraldera, bidaiatuko du txapelketak, izan ere, Nafarroako Bertsozale elkartearen, txapelketaren antolatzailearen, helburuetako bat bertsolaritza eta euskal kultura geografia osotik sustatzea da. Saats Karasatorre bertsolari etxarriarra ariko da biharko final-laurdenean, 2019ko Nafarroako Txapelketaren lehenengo saioan, Tuteran. Karasatorrek azaldu duenez, "polita" iruditzen zaio Erriberan kantatzea: "saio horiek bereziak izaten dira. Nafarroako beste zonaldetan batzuetan kantatzera ohituta gaude". Nafarroa Oinez 2019 antolatzen duen Argia ikastolak Tuterako saioaren antolakuntza lanetan dago ere.
Sei bertsolari ariko dira biharko saioan: Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Karasatorre. Gai-jartzailea Maialen Belarra izanen da. 17:30etan hasiko da saioa Tuterako Musika Eskolan. Karrikarekin eta Untxalorekin noizbait aritu dela esan du Karasatorrek, baina lehenengo aldia izanen da beste hiru bertsolariekin. Izan ere, txapelketan adin tarte ezberdineko jendeak parte hartzen du.
Bertso eskolan lagun
Karasatorre Etxarri Aranazko bertso eskolan prestatzen aritu da biharko saiorako. Bertan Eneko Lazkozekin eta Joseba Beltzarekin trebatzen da. "Nafarroan bertsoaren mundua oso txikia da eta modu naturalean sortu da bertso eskola hau. Herrikoak gaude". Joseba Beltza epaile lanetan arituko da final-laurden fasean, eta Karasatorreren ustez "okerragoa" izan daiteke: "agian gehiegi ematen ari zarela gerta liteke, eta jaitsi behar zara. Arriskutsua da". Txapelketan bakoitzak bere papera jokatzen duela azaldu du.
Aurreko txapelketan parte hartu zuten arren, Karasatorrek eta Eneko Lazkozek ez dute txapelketan elkarrekin kantatu. Lazkoz otsailaren 17an, igandea, mustuko da txapelketan, Lizarran. Aurreko txapelketaren finalista izan zen Lazkoz. Lasai dagoela esan du Etxarriko bertsolariak: "beste lasaitasun batekin ateratzen naiz jendaurrera. Zerbait gustatzen zaizuenean disfrutatzeko egin behar duzu, ez sufritzeko". Nafarroako Bertsolaritza osasuntsu izateko finalean aurpegi berriak behar direla dio, "ni tartean banago".
Txapelketako saioak:
Final-laurdenak | |||
Tuera (Musika eskola) | Urdazubi (kultur etxea) | Irurita (Gizarte Bilgunea) | Lizarra (Gazteriaren etxea) |
Otsailak 9, 17:30ean | Otsailak 10, 17:30ean | Otsailak 16, 17:30ean | Otsailak 17, 17:30ean |
Aimar Karrika | Julio Soto | Xabi Maia | Eneko Lazkoz |
Eneko Fernandez | Saioa Alkaiza | Xabier Terrero | Julen Zelaieta |
Alazne Untxalo | Iker Gorosterrazu | Joanes Illarregi | Josu Sanjurjo |
Mikel Lasarte | Iban Garro | Patxi Castillo | Amaia Elizagoien |
Joana Ziganda | Irati Majuela | Xabat Illarregi | Sarai Robles |
Saats Karasatorre | Sahats Aleman | Endika Legarra | Diego Riaño |
Gai-jartzailea: Maialen Belarra | Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea | Gai-jartzailea: Zigor Gartzia "Zian" | Gai-jartzailea: Ander Aranburu |
Finalaurrekoa | ||
Atarrabia (kultur etxea) | Etxarri Aranatz (kultur etxea) | Lesaka (kultur etxea) |
Martxoak 3, 17:30ean | Martxoak 9, 17:30ean | Martxoak 10, 17:30ean |
Tuterako irabazlea | Urdazubiko irabazlea | Iruritako irabazlea |
Puntuazioz 2.ena | Puntuazioz 1.goa | Lizarrako irabazlea |
Puntuazioz 3.ena | Puntuazioz 4.ena | Puntuazioz 5.ena |
Puntuazioz 8.ena | Puntuazioz 7.ena | Puntuazioz 6.ena |
Puntuazioz 9.ena | Puntuazioz 10.ena | Puntuazioz 11.ena |
Puntuazioz 14.ena | Puntuazioz 13.ena | Puntuazioz 12.ena |
Gai-jartzailea: Maider Ansa | Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo | Gai-jartzailea: Fernando Anbustegi |
Finala |
Iruñeko Anaitasuna kiroldegian |
Martxoak 23, 17:00etan |
Atarrabiako irabazlea |
Etxarri Aranazko irabazlea |
Lesakako irabazlea |
Puntuazioz 1.goa |
Puntuazioz 2.ena |
Puntuazioz 3.ena |
Puntuazioz 4.ena |
Puntuazioz 5.ena |
Gai-jartzaileak: Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi |