Atzo Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako “herriari hitza eta erabakia hartzeko bidea ireki zioten hamabi herritar dira akusatuen aulkian eseri direnak. Españako Erresuman hitza eta erabakia hartzea delitu delako; demokrazia delitu delako”. Hori guztia salatzeko Sortuk deituta protesta kontzentrazioa egin zen Etxarri Aranatzen. Ezker abertzaleko alderdikideen iritziz, “Espainian ematen ari den inboluzio zentralista eta antidemokratikoa azaleratzen ari dena ez da bakarrik joera edo ultraeskuindarren gorakada. Agerian geratzen ari dena da Espainiako Estatuaren egitura bera dela izaeraz demokraziaren aurkakoa”. Sortuko eledunak gaineratu zuenez, “Frankismoarekin lotzen duen zilbor-hestea inoiz apurtu ez duelako; Herrien eskubideak inoiz aitortu ez dituelako, benetako demokratizazioari betidanik ateak itxi dizkiolako”.
Kontzentrazioan gogorarazi zuten Euskal Herrian Makro epaiketa politikoak eta Espainiako epaitegiak ezagunak direla. “Badakigu ezin dela justiziarik espero Erregimenaren iraunkortasuna bermatzea helburu duten auzitegi batzuetatik”. Atzokoan ziurtatu zutenez, “Justizia herrien eskubideen aitortzatik etorri daiteke soilik; eta horretara iristeko behar beharrezkoa da eskubideak zapalduak ditugun herriak bat egitea”.