Ihoteak indartzeko asmoz bileran elkartu ziren Etxarri Aranazko iyote batzordea, aurtengo kintoak, Etxarri Aranazko Gazte Asanblada, udala eta tabernariak. Aurtengo inauteri ospakizunek larunbat bat hartzea aztertu zuten eta baita erabakia hartu ere. Hala, astearteiyote aurreko igandean ospatzen den Zalduniyote larunbatean ospatzera pasako da. Eta egunaren aldaketarekin batera, karakterizazioa ere aldatu eginen zaio, ihoteen haurren eguna izatetik hiri-ihote eguna izatera pasako da.
Ihotearen antolatzaileek Zalduniyote berrirako, martxoaren 2rako, etxarriar guztiak mozorratzera eta parrandan parte hartzera gonbidatu dituzte. Egun horretan gazte asanbladak mozorro txapelketa antolatuko du. Musika eta poteoa egonen da eta kintoek plazan musika jarriko dute. Tabernetan festa giroa izanen dela ziurtatu dute.
Aldaketa gehiago ere izanen dira. Astearteiyoteak (martxoak 5) aldaketak izanen ditu. Herri-ihotea izanen da aurrerantzean eta, beraz, txatarrez eta trapu zaharrez jantzita kalera ateratzea proposatu dute antolatzaileek. Kintoek iyote festari akabera emateko, Kixkimau Pintto berreskuratu dute eta ihote-segizioa osatuz herrian barna kalejiran eramanen dute.
Kixkimau Pintto
Ihote pertsonaia horren berri jasotzen du Jose Luis Erdozia Mauleonen Sakanako Hiztegi Dialektologikoak. Kixkimauk edo Kixkimau Pinttok gorputz osoa, burua eta guzti, estaltzen zion zaku oihalez egindakoa mozorroa du. Oihal horren barnea, gorputzaren itxura ere ez nabaritzeko, belarrez puztuta zeukan. Aurpegia, berriz, arnasa eta elikadura ez oztopatzeko, libre zihoan, baina errautsez edo ikatzez belzturik zituen aurpegiko azala. Itxura Lantz herriko inauterietako Ziripoten edo Altsasuko Juantranposo pertsonaiarena izanen luke; Lantzen azken egunean erre egiten dute. Inauteriko pertsonaiari beste osagai bat gaineratuko diote maiatzaren 2an, ttuntturroa. Orain dela urte gutxira arte kintoek erabiltzen zuten txanoa da ttuntturroa. Kartoizko egitura koniko luzexka du eta kartoia estaltzeko kolore askotako papertxo tirak harilkaturik erabiltzen dira bertan itsatsirik. Bestetik, eskuan makila izanen du, beharrezkoa bada parean daukana zirikatzeko. “Estilizatuagoa”, Kixkimau Pintto Etxarri Aranazko erraldoietako bat da.
Hitza Kixk(al)i eta mau hitzez osatuta legoke. Lehenak “erabat errea” adieraziko luke eta bigarrenak beldurra sortzeko izpiritu edo arimek, dagoeneko gizatiarrak ez diren izakiek, erabiliko luketen soinua, Maaaau! Pintto, berriz, aurpegiko itxuratik etorriko zaio, seguru asko, ikatzez edo errautsez “apainduta” baitago gure inauteetako pertsonaia. Esamoldeak daude: heldu dek/den Kixkimau Pintto! edo Kixkimaube beño errio hago!
Ostegunean hasi ziren ihoteak
Etxarri Aranazko ihoteak herenegun has ziren. Garizuma aurreko astearteiyoteko ospakizunei noizbait debekuak jarri zizkioten eta etxarriarrek ihote ospakizunak garizuma aurreko hiru ostegunetan ospatzen hasi ziren. Aurrenekoa, Gizakunde (otsailaren 14ean), gizon helduen eguna zen. Txatarraz jantzita eskean ateratzen ziren. Jatekoa biltzen zuten, eta gero afaria egiten zuten. Andrekunde (otsailaren 21ean) emakumeen eguna; beraiek aritzen ziren etxez-etxe eskean, gero afaria egiten zuten. Azkenik, Garikunde (otsailaren 28an) dago. Gazteen arteko borroka eguna zen. Kolpeak urte guztian zehar debekatuta zeuden, eta egun hau beraien arteko gorabeherak konpontzeko erabiltzen zuten. Egun horretan, aurkaria lurraren kontra eusten zen, baina kolpeak eman gabe. Maskubiak haizez bete, eta jendea jotzen zuten, baita suko hautsa bota ere. Azken urteetan ihote egun horiek kintoen esku gelditu dira eta zigorrak eskutan jendea berotzen aritu dira. Aurten ere “txatarra begi gorri, urtean behin etorri” oihukatuko diete.
Zalduniyote, o mutillerdiyek, astearteiyote aurreko igandean ospatzen zen. Gazteenen edo haurren eguna zen eta txatarraz janzten ziren. Despeditzeko, astearteiyote ospatzen zen. Gaita jotzen zen eta bazkaria izaten zen. Jendea txatarraz jantzirik ibiltzen zen.