Kontu zahar zaharrekin nator, baina, zaharrak berri. Nafarroako ikastetxeetan martxan jarri den Skolae Berdin Bidean Hezkidetza programak sortutako zalapartak, nerabe nintzeneko “Etxarriko pitoa” ekarri dit gogora. Hemerotekan aurki dezakezue albistea, 1982ko martxoko, haur baten marrazkiak irakasle bikote baten adierazpen sexuala auzitan jarri zuenekoa (diziplina espedientea, greba, isuna, salaketa, etab).
Marrazkian neska-mutil bikotea ageri dira, besarkatzen, jantzirik. Bilixkorriko ageri den bakarra zakila eta barrabilak dira, “Pitoa” bezala ezagutu zena. Antza, ikasle batek Etxarriko Eskola Nazionaleko Epi eta Mikel maistra-maisua marraztu zituen, gerora, beste batek, besarkatze tartean zegoen hutsunea bete zuen. Hezkuntza Ministerioaren delegatuari nahiko buru-hauste eman zion Pitoak eta hauxe izan zen bere deliberazioa: “ikasleen sentsibilitatearentzat iraingarria eta kaltegarria beren eskubide, kontzientzia zibiko, moral eta erlijiosoari dagokionean”. ("hiriente para la sensibilidad de los alumnos y lesivo a sus derechos, al respeto a su conciencia cívica, moral y religiosa"):
Hertzainak-en “Nola aldatzen diren gauzak… kamarada” kantatzea zaila egiten da batzuetan. “Etxarriko Pitoa”-ren afera duela 37 urte gertatu bazen ere, EGB zegoen garaian, egun antzekoak gertatzen ari dira: Skolae-ren inguruan botatako astakeriak eta desitxuratzeak; eta baita “Hazte oír” autobus ibiltariaren aldarri transfoboa. Ez gara ateratzen “Muxarraren egunetik” –behin eta berriz errepikatzen diren gertaera amaiezinak–, ez dago modurik.
Skolae, Chrysallis edo antzeko programen ondorio kaltegarriak salatzen hain fin dabiltzan horiek guztiak, ikusi nahiko nituzke balentria berarekin Pornografia Industriaren kontra, manifak antolatzen, salaketak egiten eta porno-intsumisioa eskatzen. Izan ere, berriki egindako ikerketa baten arabera gazteen %20ak pornografiara jotzen “omen” du sexuaz ikasteko. Bost inporta umeen eta gazteen sexu heziketa pornografiatik egiten bada. Horren aurka jotzeko ezker-eskuin politika behar ote?