Berruetako baserrikoa zara Joan amaren partetik ezta?
Berroetan ni bosgarren belaunaldia naiz. Betidanik ganaduarekin bizi izan gara. Hor segitzen dut nik.
Zenbat urte dauzkazu?
24 urte.
Nolatan abeltzain lanetan? Zerk bultzatu zaitu aittun-amiñen baserrian lan egitera?
Bakarren bat bagaude, baina ez da oso normala gazteak honetan ibiltzea. Egia da sektorea zahartzen ari dela. Gero eta zaharragoa da eta gazte gutxi daudela, baina gazteak jartzeko apustua ere egin beharra dago.
Txikitatik ezagutu duzun zerbait da?
Ni arbizuarra naiz eta Arbizun bizi izan naiz beti. Baina, azkenean, Berroetan ere. Udetan eta, beti egon naiz txikia izan naizenean. Harremana beti izan dut.
Noiztik zaude zu han?
18 urterekin sartu nintzen. Ikasten egon naiz ere. Behi batzuk kendu eta pixka bat lasaiago. Badut urte eta erdi sartu naizela, guztiz.
Zerk eraman zaitu baserrian buru belarri ibiltzera?
Gustatu egiten zait. Eta gero… herrian lan egitea, ingurumenarekin harremana izatea… Iruditzen zait oso lan aberasgarria dela.
Bakarrik zabiltza zeregin horretan?
Amarekin biok gaude. Ama da gehien bat paperen kontua eramaten duena eta baserrian lan egiten duena ni naiz. Amaren laguntzarekin beti.
Behi batzuk kendu dituzuela esan duzu. Gaur egun zer duzue?
Guk, betidanik, esne-behiak eduki ditugu. 2013an esne-behiak kendu genituen eta haragitarako-behi batzuk jarri genituen. Orduan 60 behi edo jezten izanen genituen eta haragitarako 20 bat jarri genituen. Pixka bat segitzeko, dena ez kentzeko. Aktibitatearekin segitzeko.
Berrueta baserrian gaur egun zer daukazue?
Gaur egun haragitarako 30 bat behi eta horiei dagozkien txekorrak. Azkenean, 50 bat buru. Eta abenduan ahateekin hasi ginen. Gaur egun 3.000 ahate dauzkagu. 5.000 ahate hartzeko gaitasuna dugu, baina hasi berriak gara eta 3.000rekin hasi gara.
Nola sortu da aukera hori?
Haragitarako behiak jarri genituenean, esne-behietarako genuen pabiloia edo estarbia hutsik gelditu zen. Alternatiba zein zen? Berriz behiak jartzea? Berriro behiak jartzea ez genuen nahi. Zer jar zitekeen edo zer egin zitekeen begira hasi ginen eta aukera hori sortu zen. Instalazioek balio zuten. Pixka bat moldatuta, obra handirik egin gabe eta inbertsio handitan sartu gabe, mundu horretan sartu gara. Helburua izan da baserria dibertsifikatzea. Ez dedikatzea gauza bakar batera. Baizik eta aukera gehiago izatea. Gutxi gorabehera izan da ohiko baserriaren bizimoduaren funtzionamendua. Ez garai batean bezala, industrializatuago bezala… Galdu gabe berezko zera hori, aukera desberdinekin jokatuta.
Zein da zure egitekoa?
Nik ahateak hazi egiten ditut. 20 bat egunekin etortzen dira eta 9 aste edukitzen ditut, bi hilabete eta aste bat, gutxi gorabehera. Jan eta lo egiten dute. Eguneroko lana da, pixka bat kasu egitea, gaizki daudenak pixka bat baztertu, agotza bota azpian… Janarena automatizatuta dago eta hori erraza da. Ez da berdin 100 eta 3.000 izatea. Azkenean, arazoak handiagoak dira. Maki nahiko jartzen dira. Hil ere, portzentaia bat hiltzen da. Ahatea, orokorrean, nahiko gogorra da. Kanpora ateratzen dira. Euriekin kanpoan atera dira eta ez da ezer pasatzen.
Horren inguruko zerbait ikasi behar izan duzu?
Mantentze erdi mailako eta metal eraikuntzako goi mailako zikloak ikasi nituen. Honekin ez du inolako zerikusirik. Eta honetaz? Galdetuz. Inguruan badaude beste batzuk. Uharte Arakilen ere badaude. Galdetu. Gehien bat zein diren arazoak, zein arrisku dauden… Eta ikusi. Frantzian ere egon nintzen estarbi bat ikusten.
Zuk hazi eta gero eramaten dituzte…
Bai, berriro eramaten dituzte. Guk Frantziako enpresa batendako lan egiten dugu. Gero gizentzera Etxalarrera eta Iturenera eramaten dituzte. Guk Frantziako enpresa horrendako lan egiten dugu eta horrek enpresa eraldatzaileei saltzen dizkie: Iraizotzeko Edalur enpresara; Gironako Can Munnarrera, horiek gizendu eta eraldatzen dute eta, azkenik, Palentziako Villamartin de Camposeko Selectos de Castillara.
Nola ikusten duzu Sakanako abeltzain gazteen etorkizuna?
Ez da erraza. Artzaintza da, nik uste, pixka bat salbatzen dena. Indar bat dute. Aparte, haiek ere asko elkartzen dira. Artzaintzak badu etorkizuna. Baina, bestela, orokorrean, nahikoa zail ikusten dut. Modu batera bizitzera ohituta gaude eta orain ez dugu nahi… zaila da aldatzea. Erosoena, azkenean, lantegi batean 8 ordu sartzea da. Eta nik ulertzen dut, baina…
Nolakoa da zure egun bat?
Orain neguan nahiko lasaia. 08:00ak aldera joaten naiz eta bazkaltzera 14:00etan. Eta arratsaldean bueltatxo bat, baina txikia eta lasai. Baina udan belarrak egin, artoa erein. Zeren, azkenean, nekazariak ere bagara. Orduan, lanaldia handitu egiten da. Ez da urte guztia ordutegi berarekin, aldatzen zoaz. Badakizu zer dagoen. Nire erabakia izan da. Ikasi bitartean nire fasea izan dut: hau ez dut nahi, nahiago dut hau egitea. Azkenean hasierakora bueltatu naiz. Baina nik nahi izan dudalako.
Zergatik da garrantzitsua abeltzainak izatea?
Ekosistema bat mantentzeko beharrezkoa da abeltzaintza eta nekazaritza. Hori mantendu beharra dago. Gero etortzen gara eta zeinen polita den dena, zeinen berdea dagoen dena, ez? Oreka bat bilatu beharra dago hor.
Sektorea nola dago?
Esnetako eta haragitako behiekin antzeko. Gaur egun guri pagatzen diguten prezioa da orain dela 20-30 urte zegoena. Kostuak igo egin dira. Marjena txikiagoa da. Gaur egun horrela gaude.
Animatuko zenuke jendea horretan aritzera?
Zerotik astea gaur egun ezinezkoa da, nik uste. Dagoen marjen txikiarekin eta halako inbertsioetan sartzeko, hori guztia pagatzerako, ez dakit, oso zaila da. Estarbi asko hutsik gelditzen ari dira eta hortik hastea beste aukera bat da.