Eneko Lazkoz bigarrena izan da Lizarrako final-laurdenekoan

Guaixe 2019ko ots. 25a, 11:17
Lizarrako saioa, Eneko Lazkoz ezkerretik hirugarrena eserita. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako Bertsolari Txapeleketa aurrera doa eta final-laurdeneko guztiak jokatuta, 18 bertsolari pasa dira hurrengo fasera. Lazkoz eta Karasatorre Atarrabian ariko dira, martxoaren 3an

Txapelketara berriz itzultzea zaila izaten dela esan du Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak Beleixe irratian (FM 107,3). Hortaz, lehenengo saioa zaila izaten da. Bere asmoa ahalik eta saio txukunena eta osatuena egitea izan zen, eta "goiko postuetan" egotea. Asmoa lortu zuen, izan ere, bigarrena izan zen Lizarran egindako final-laurden saioan. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken final-laurdena izan zen igandean, Lizarran, egin zena. Josu Sanjurjok irabazi zuen saioa (265 puntu), eta zuzenean Leitzako finalaurrekora pasa zen. Larunbatean, Iruritan jokatutako saioa, Joanes Illarregi nagusitu zen (254,5), eta zuzenean Leitzarako txartela lortu zuen.

Behin final-laurdenak bukatuta, osatu da txapelketarako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda, eta saio bakoitzeko irabazleak kenduta, bigarren sailkatua izan zen Eneko Lazkoz. Beraz, Atarrabiako finalaurrekoan ariko da etxarriarra txapelketan dagoen beste etxarriarrarekin, Saats Karasatorrerekin.

Lizarrako saioan bigarren gelditu bazen ere "sentsazio nahiko arraroa gelditu" zitzaion Lazkozi: "uste dut behar baino erlaxatuagoa joan nintzela, eta horren ondorioz normalean egiten ez ditudan akats batzuk egin nituen". Besteak beste, zortziko txikian bertso erdian "nahastu" zela esan du Beleixe irratian Lazkozek, eta berriz hasi behar izan zen. "Ez nuen buelta ematea lortu". Nahiko erlaxaturik harrapatu zion. "Tentsioan bazaude modu batera edo bestera bertsoa amaitzen duzu".

Zortziko txikia egin ondoren, Lazkoz eseri zen eta sentsazio "txar" horri buelta ematen saiatu zen; "ahazten". Hortaz, hurrengo bertsoak "fundamentuz" egin zituela azaldu du: "amorru horretatik zerbait atera zen, buelta ematea lortu nuen". Puntukoan ere kantatzen hasi eta trabatu zela esan du etxarriarrak, baina ongi erantzuten jaki zuela. Bukatzeko, bakarkako lanean "nekaturik" eta sentsazio "arraroarekin" zegoela aitortu du, beraz, "bi bertso gainetik kentzea" baino ez zuela nahi esan zuen.

Sentsazio "arraroak" izan bazituen ere, Lazkoz bigarrena gelditu zen Lizarrako final-laurdenean 256,5 puntuekin. Josu Sanjurjok irabazi zuen saioa 263 puntuekin eta zuzenean Leitzako finalaurrekorako txartela lortu zuen. Sanjurjoren eta Lazkozen atzetik Sarai Robles (255), Julen Zelaieta (250,5) eta Diego Riaño (248) gelditu ziren.

Finalaurrekoak

Azken bi final-laurdenak jokatu ziren asteburuan. Larunbatean, Iruritan egin zen saioan, Joanes Ilarregi nagusitu zen (264,5) eta Leitzako finalaurrekorako txartela lortu zuen. Lau final-laurdenak jokatuta, hurrengo fasean ariko diren hemezortzi bertsolarien zerrenda osatu zen. Hortaz, final-laurdeneko bakoitzeko irabazleei, -Saats Karasatorre, Julio Soto, Joanes Illarregi eta Josu Sanjurjo-, sailkapenaren araberako hurrengo hamalau bertsolariak ariko dira finalaurrekoetan. Sailkapen orokorrean, saioetako irabazleen ondoren, Eneko Lazkoz bigarren sailkatu da eta martxoaren 3an, Atarrabian, finalaurrekoa jokatu du, Saats Karasatorre etxarriarrarekin batera. Gainera, Maider Ansa etxarriarra izanen da gai-jartzailea saio horretan.

Finalaurrekoa aurretik etxean lan egin "beharra" duela esan du Lazkozek Beleixe irratian (FM 107,3). Gainera, Etxarriko bertso eskolan Karasatorrerekin eta Joseba Beltzarekin, final-laurdenekoetan epaile izandakoa, hainbat saio egingo dituztela esan du. Lazkozek "oraindik" ez du bere burua finalean ikusten: "itxaropena daukat, baina bertsoak kantatu behar dira finalera iristeko".

Atarrabian martxoaren 3an egingo den finalaurrekoa hurrengo fasearen lehenengo saioa izango da, eta, ondoren, beste bi izango dira. Hortaz, martxoaren 9an, larunbata, Etxarri Aranazko kultur etxean jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Martxoaren 10ean Lesakako kultur etxean izango da azken finalaurrekoa. Finalaurrekoetatik zortzi bertsolari sailkatuko dira finalerako; hiru saioetako irabazleak eta puntuazioaren araberako bost bertsolariak. Finala Iruñean izanen da martxoaren 23an.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian. Gainera, Etxarri Aranazko saioetarako sarrerak Xapatero tabernan lor daitezke ere.