Ihote-aldaketa eguna iritsi da

Guaixe 2019ko mar. 2a, 11:32

Mozorrotuen kuadrilla bat.

Zalduniyote ospakizuna igandetik larunbatera pasa da, haurren eguna zena hiri-ihotea bihurtuz. Asteartean Kixkimau Pintto pertsonaia berreskuratuko dute.

Inauteri-egutegiko aurreneko hiru ostegunak pasa dira: Gizakunde, Andrekunde eta Garikunde. Hiruetan kintoak zigorrekin egon dira kalean. Kinto eskea ere egin dute gero afaldu eta parranda egiteko. Etxarri Aranazko ihote-egutegian hurrengo data Zalduniyote da, aurten igandetik larunbatera pasa eta hiri-ihote bilakatu dena. Egitarauaren barruan mozorro lehiaketa dago, hiru sari banatuko dituena: mozorro hoberena, mozorro originalena eta euskal kulturarekin loturik dagoen mozorro hoberena.

Horrekin batera, Etxarri Aranazko ihoteak beste aldaketa bat izanen du: Kixkimau Pinttoren berragerpena. Astearteiyotean izanen da, 18:00etan. Altsasuko Juantranposoen edo Lanzko Ziripoten moduko pertsonaia da: gorputz osoa, burua eta guzti, estaltzen zion zaku oihalez egindakoa zen mozorroa, eta oihal horren barnean, gorputzaren itxura ere ez nabaritzeko, belarrez puztuta zeukan; aurpegia, berriz, arnasa eta elikadura ez oztopatzeko, libre zihoan, baina errautsez edo ikatzez belzturik eta, azkenik, ttuntturroa buru gainean (kolore askotako papertxo tirez estalitako kartoizko egitura koniko luzexka). Kintoek harekin kalejira eginen dute herrian barna eta hura despeditzean, 19:00etan, plazan su emanen diote. Ttuntturroak ere jantziak izanen ditu jendeak. Antolatzaileek txatarrez edo trapu zaharrekin jantzita joateko deia egin dute.

Egitaraua
Martxoak 2, larunbata. Zalduniyote. Hiri inauteria
13:00etan Gurdi dementiakin poteue.
17:30ean Mozorro txapelketa, gazte asanbladak antolatuta.
19:00etan Musikatutako poteoa.
19:30etik 21:30era eta 00:00etik 03:00etara Musika plazan, kintoek jarria.

Martxoak 5, asteartea. Astearteiyote. Herri-inauteria
09:30etik 13:00etara Kintoekin kalejira, txarangarekin.
12:00etan “Zeren zain”, haurrendako animazioa eta dantzaldia.
13:30ean Txarangaren kontzertua, plazan.
17:00etatik 18:00etara Dantzaldia Orots taldearekin.
17:30ean Txokolate-jana, plazako estalopean.
18:00etan Kixkimau Pinttoren segizioa kalez kale, kintoek eramana.
19:00etan Kixkimau Pinttoren erretzea, plazako zelaian. Segidan auzatea.
19:00etatik 22:00etara Dantzaldia Orots taldearekin.